Lau egunez, hainbat garagardo mota edan eta ukondoa, saltxitxak, brotxetak, patata frijituak eta pintxoak jan ahal izango dira Eskoriatzako garagardo festa solidarioan.
Asteburu osorako ekitaldiak prestatu dira; monologoak eta kontzertuak, besteak beste. Esaterako, Igor San Juan eta Alaitzen izeneko rantxera taldea izango dira, baita diskofesta ere. Eta domeka arratsaldean mus txapelketa jokatuko da.
Batutako dirua zaharren egoitzarako
Garagardo festan batutako dirua, herriko zaharren egoitzara bideratuko da. Gainera, Gabonetako loteria ere atera da eta salgai jarri dute dagoeneko. Txartel bakoitzak 3 euro balio ditu, horietatik 2 loterian jokatzen dira, eta gainerakoa, egoitzari laguntzeko da. Loteriako zenbakia hauxe da: 34365.
Eskoriatza Kirol Elkarteak areto futbol hiruko txapelketa antolatu du zapaturako, hilak 22, Manuel Muñoz kiroldegian, eta bertan jasotako diru guztia egoitzarako izango da. Igandean salgai jarriko den Esko-lotean jasotako dirua ere egoitzarako izango da.
Azkenik, merkatari txikiren batek ere parte hartu gura izan du zaharren egoitzaren aldeko ekimenean, eta adibidez, Txalaparta tabernak txanpiñoi kazola handi bat prestatuko du saltzeko.
Lagundu nahi duten herritarrek ere aukera izango dute. Nahi duenak, 19:00etatik aurrera, patata-tortillak eraman ahal izango ditu karpara horiekin pintxoak egin eta saltzeko. Tortillak egunero eraman ahal izango dira, domekan izan ezik.
Egitaraua
Irailak 20, eguena
19:00 Karpa irekitzea
23:00 Karaokea
Irailak 21, egubakoitza
19:30 Kontzertua: Igor San Juan
23:00 Kontzertua: Lukas Prest!
Ondoren: Screamers&Sinners
Irailak 22, zapatua
17:00 Areto futbol hiruko txapelketa kiroldegian: Atena-Labastida / Kirol Sport Navarra / Eskoriatza
19:30 Rafa Salidoren bakarrizketa: Ser padre
22:00 Rantxerak Alaitzen taldearekin
Ondoren: Burrunba Kelele batukada
Ondoren: disko-festa
Irailak 23, domeka
15:00 Mus txapelketa