Oposizioa ez dago ados Udal Gobernuaren balorazioarekin

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko irailaren 17a

EAJ-k "zurian joandako urtetzat" jo du agintaldiko lehenengo urtea eta Ezker Anitzak "etsigarritzat" hartu du.

EAJ-ko zinegotzi Aitor Urrutiak dio legegintzaldiko urte honetan Udaleko eguneroko bizitzak dituen gai garrantzitsuenak aurrera eramateko ez duela "inongo irizpiderik atzeman" eta "zurian joandako urtea" izan dela: "Udaletxeak mekanika administratiboa eta Udal zerbitzuak berez funtzionatzen dutelako funtzionatzen duen ekimen gabezi deigarriko erakunde baten urtea. Udaleko eguneroko bizitzak aurrez aurre dituen gai garrantzitsuenei aurre egiteko inongo irizpiderik antzematen ez den urte bat izan da".

"Batere lideratu gabe benetan agintzen dutenengatik erabat babesturiko alkate batentzat %33,99ko dirusari igoera" ere salatu du. Eta gaineratu du lan sustapenerako laguntzak edo herriko merkataritzaren sustapena bezalako oinarrizko gaiak "asmo onen atalean etenda" jarraitzen dutela.

Bukatzeko, Urrutiak hauxe dio: "Benetan, gehiago espero zitekeen gainontzekoekin hain deskalifikatzaile eta exijentea den ezker abetzalearen gehiengo osotik, bere gobernantza gris hori, porrot handi baten irudi nabarmenena baino ez baita".

Ezker Anitza

Ezker Anitzako Juan Luis Merino zinegotziak, berriz, "etsigarritzat" jo du Udal Gobernuaren agintaldiko lehenego urtea.

Merinok esan du Eskoriatzan dauden pertsona aktiboen %11 inguru daudela langabezian, bataz beste, 240-250 herritar eta horren aurrean esan du Udalak ez duela herritarrak laneratzeko planik garatu. Merinok dio Ezker Anitzatik behin baino gehiagotan saiatu direla gai hori jorratzen jakinda arazo larri horri ez lioketela behin-betiko irtenbidea emango baina egoera "arindu" ahalko luketela. Dio erantzuna beti izan dela Mankomunitatetik lan plan bat garatzen ari direla, "urtebete daramagu hori entzuten baina plana ez da agertzen".

Gaineratu du agintaldian "bakarrik eta esklusiboki" arduratu direla "jaialdiak antolatzera eta horrelakoetan kolaboratzera herriaren beharrak alboratuta". Mundumira, Ferixia, herriko jaiak eta Errekan Gora jarri ditu adibide moduan.

Zerbitzu azpikontratatuen munizipalizazio proiektuari "oraindik itxaroten" ari direla ere esan du eta salatu dekretu bidez gobernatzen dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak