Mazmela auzoan laster irekiko dute auzotarrendako elkarte berriztua

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko ira. 12a, 15:57

Orain arte ere izan dute lokala mazmelatarrek euren ekintza eta bilerak aurrera eraman ahal izateko. Garai batean eskola izandako areto txiki bat erabiltzen zuten, abade etxeko beheko solairua, hain zuzen. Baina beharrezkoa ikusten zuten auzoko bizilagun eta adiskideak biltzeko toki egokiago bat eta dagoeneko obra bukatuta dago. Urrian zabaltzea espero dute.

Mazmelako elkartea izen honekin ezagutzen da: Basauria Mazmela Elizateko Bizilagunen Elkartea, eta 2002an eratu zuten auzotarrek Eskoriatzako gainerako elizateek egin zuten moduan.

Lokala

Hauxe esan digu Basauria elkarteko lehendakari Juan Karlos Belokik: "Lehen erabiltzen genuen aretoa ez zen txukuna, txikia zen eta ez geneukan ez komunik ezta urik ere".

Urte askoan ibili dira areto egoki bat egiteko asmotan, orain, elizarekin eta Gotzaitegiarekin egon direla aprobetxatuta, konponbide batera iritsi ziren auzotarrak; beheko solairua eurek erabiliko dute eta lehenengo solairuan etxe bat egin dute alokatzen jartzeko. "Azkenean egin genuena izan zen lau paretak utzi eta gainerako guztia berritu. Gainera, lehenengo solairua eta behekoaren artean dagoen zolarria zaratarendako ondo begiratuta egin dugu. Obra oso azkar joan da baina urteetan ibili gara hori planifikatzen" dio Belokik.

Erabilera

Mazmela elizateko familia guztiak izango dira bazkide, guztira 34 familia: "Elkarte gastronomiko erabilera ere emango diogu. Oraintxe ari gara araudia bezalako kontuak antolatzen baina nahi genukeena da bazkide diren etxe bakoitzetik erabiltzaile bat baino gehiago egotea. Erabiltzaile bakoitzak orduan kuota txiki bat ordaindu beharko du argia, berogailua, garbitasuna eta horrelako gastuak ordaintzeko".

Abuztuan bukatu zuten obra eta garbiketa orokor bat egin duten arren, zapatu honetarako berriro geldituta daude lokala hobeto garbitzeko.

Gero, guztia txukuntzen joango dira, eta nahi dutena da urrian elkarteko txokoa martxan jartzea.

Helburuak

Lokal berriztuarekin, helburu hauexek dituzte auzotarrek: Mazmela elizatearen hobekuntza eta mantenua bultzatzea, elizateko bizilagunen arteko elkar laguntza eta garapen soziokulturala sustatzea, eta auzoaren aldeko hainbat ekintza aurrera eramatea, besteak beste, kirol, kultura eta aisialdirako jarduerak eta bazkari eta afariak. Hauxe esan digu Belokik: "Guk ikusten dugu guk ez baditugu mugitzen auzoko gauzak, inor ez dela etorriko guri ezer ekartzera, orduan geure artean eraman behar ditugu kontuak aurrera. Elkarte honek azken urteetan gauza positibo ugari ekarri dizkigu".

Etxebizitza alokagai

Abade etxean dagoen lehenengo solairuan, bestalde, hau da, elkarteko txokoaren goiko pisuan, etxebizitza bat egin dute. Etxebizitza hori 165 m2-takoa da eta auzotarrek alokatzeko moduan jarri dute. Etxebizitzak, 10 m2-tako biltegia, garajea eta ortua ere baditu. Beraz, alokatu nahi duen edozein Mazmelara joan daiteke eta bertakoek emango diete xehetasun gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak