Elizateetako Iñaki Madinabeitia zinegotziak esan du ikuspuntu ekonomiko-finantzierotik, udal gobernu taldetik “planteamendu zentzuzko bezain zuhurrak” egin direla, “aurrekontu kontserbadore eta orekatuekin, gaur egungo krisi egoeraren irakurketa errealista eginez”.
Prozesu parte-hartzaileak
Beñat Herce alkateak jarraitu du esaten azken 12 hilabeteetan garatutako prozesu partehartzaileak errepikatzen edo berriak planteatzen saiatuko direla aurrerantzean ere. “Balorazio oso positiboa izan dute egindako ekintzek: proiektu estrategikoak azaldu dira eta ekarpenak jaso (Zaldibar antzokia eta Atxorrotx), etorkizuneko ildoak markatzeko herritarren partehartze ekimenak (EskoHitza, Parke eta berdeguneen diagnosia, Hondakinen kudeaketa, Telesko…) eta era partehartzaile baten garatutako beste hainbat ekintza, proiektu edo erabaki, jai batzordea edo AP1-agatik kaltetuekin egindako bilerak” esan du alkateak.
Langabeziari aurre egiteko lanean
Langabeziari aurre egitea batere erraza ez dela ere azaldu du alkateak eta hauxe gaineratu: “Oso sensibleak gara arazo honekiko eta kezka hau eskualdeko gainerako udalekin konpartitu eta aurre egiteko planak eta ekintza konkretuak garatzen ari gara, indarrak batuz sinergiak eta emaitza hobeagoak lortuko ditugulakoan”.
Jasangarritasunaren alde
Mankomunitatetik eskaintzen diren zerbitzuen artean, elkarlanean, Eskoriatza herri jasangarriago bat izateko aurrerapausoak ematen dihardutela ere azaldu dute Udal gobernutik eta hiri hondakinak kudeatzeko sistema aldatzea jarri dute adibide moduan.
Horrez gain, aipatu dute baita ere prebentzioan eta kontzientziazioan lanean ari direla eta etorkizuneko erronka nagusienetako bati erantzuteko prestatzen dabiltzala: bilketa sistema aldatzea. Gainera, energia eta baliabideen kontsumoa murrizteko ekimenak ere garatu dituztela esan dute, udaletik bertatik hasita (argiztapena optimizatu, jasangarritasun lehiaketa, erakusketa…).
Zaharren egoitzaren egoera egonkortuta
Azken urteotan hain kritikoa izan den zaharren egoitzaren kudeaketa egonkortu dela uste dutela ere azaldu du Madinabeitiak eta gaineratu “bideratuta egon arren, bultzada berezi bat beharko luke azpiegitura aldetik begiratuta egokitzapenetan eguneratzeko”.
Inbertsioak
Inbertsiotarako aurrekontu murriztua izan arren, herriarentzat “estrategiko” diren batzuk aurrera eramateko pausuak eman direla ere aipatu dute; San Pedro auzoaren berrurbanizazioaren bigarren fasea, Atxorrotxeko indusketa lanen jarraipena edota laster hasiko diren Zaldibar Antzokia amaitzeko lanak.
"Pozik" agintaldiarekin
Alkateak nabarmendu du Udal gobernua osatzen duten zortzi pertsonak (Bilduko eta Elizateetako zinegotziak) “pozik” daudela orain arte egindako lanarekin.
Hala ere, azpimarratu du gainontzeko alderdiekin dituzten harremanak nahi izango zituztenak baino “hotzagoak” direla eta “penaz” hartzen dutela oposizio eraikitzaile eta kolaboratzaileago bat ez izatea.