Kantaldi akustikoan parte hartuko duen talde bakoitzak 15 minutu inguruko emanaldia egingo du. Ikuskizuna bihar, zapatua, 19:00ean hasiko da Santa Marina plazan, hala ere, jaialdiari hasiera plazan emango zaio 18:45ean. Bertan jendea batzea da helburua eta dultzaineroen laguntzarekin kalejiran joango dira Santa Marinaraino. Festari amaiera 23:00ean emango zaiola aurreikusi dute antolatzaileek.
Taldeak
Hauen emanaldiekin gozatu ahal izango da: Arrasateko dultzaineroak; Eskoriatzako bertso eskolako ikasleak; Rafa Rueda; Laurobako Iker; Keu Agirretxea Mikel Arakistanekin; Andoni, Eñaut eta Goseko Osoron ere bai; Hutsa eta Doblia; Napoka Hiria; Hesian taldeko Zuriñe eta Fran; Mara Mara taldeko Luis Vil eta Igor Arzuaga; Des-Kontrolekoak; Arrasateko Eneritz eta Maialen; Vendettako Pello Reparaz eta beste kide bat; eta kantaldia amaitzeko, Fermin Balentziaren emanaldia izango da Santa Marina plazan.
Iñaki Kortazar Aitzorrotz kultura elkarteko kideak herritar eta inguruko biztanle guztiak animatu nahi izan ditu emanaldira.
Orain artekoaren balorazio positiboa
Kortazarrek orain arteko Errekan Goraren balorazio oso positiboa egin du: "Emanaldi gehienetan 150 pertsonatik gora elkartu gara eta oso-oso pozik gaude".
Amaitzeko, eskerrak eman nahi izan dizkie kantaldian parte hartuko duten talde guztiei.