Ventos de Saudade gaur Bolibarren eta bihar ipuin kontaketa Atxorrotzen

Ander Monedero 2012ko uztailaren 20a

Aste honetan Errekan Gora herrigunea utzi eta ezohiko lekuetan ospatuko da

2012ko Errekan Gora ekimenaren hirugarren aste bukaera, Eskoriatzako herrigunean barik, Bolibar elizatean eta Atxorrotzeko magalean ospatuko da. Gaur gauean, Bolibar auzoko elizaren kanpoaldean, gaueko hamarretan, Ventos de Saudade taldeak emanaldia eskainiko du.

Soraluzeko taldeak Portugalen sortutako fado izeneko musika egiten du. Estilo horretako abestiek, orokorrean, melankoliaz, nostalgiaz eta bizitzako momentu gogorrez hitz egiten dute eta gitarra klasikoa, gitarra portugesa eta zeharkako flauta erabiltzen dituzte emanaldietan. Ventos de Saudade 2005ean sortu zen, hasieran emanaldi baterako, baina, publikoaren erantzuna ikusita, fadoa ezagutarazten jarraitzea erabaki zuten. Soraluzetarrek fado klasikoak eta modernoak eskaintzen dituzte. Zapatuan, arratsaldeko bostetan, Atxorrotzeko magalean, Maite Frankok gazteluko piztiei buruzko ipuinak kontatuko ditu, familia osoarentzat.

28an, 'Nafarroa bizirik'

Aurtengo Errekan Gora Nafarroa bizirik kantaldi akustikoarekin bukatuko da. 16 musika taldek emanaldi akustikoa eskainiko dute, eta hantxe izango dira, besteak beste, Lauroba, Rafa Rueda, Akustik-kontrol (Des-kontrol) eta Napoka Iria.

Musika talde bakoitzak 15 minutuko emanaldia eskainiko du Santa Marina plazan, eta antolakuntzak egun horretarako taberna jarriko du. Musikariak bakarrik ez, bertso emanaldiak ere egingo dira.
Bada, Aitzorrotz kultur elkarteko kideen arabera, ekimenak erantzun handia izan du, musikari askok ekimenarekin bat egin du

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak