Zaldibar antzokiko bigarren faseko lanak Goitu enpresari esleitu dizkiote

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko uzt. 20a, 15:27

Haur eskolako udal zerbitzuaren kudeaketa Arizmendiri esleitu diote, eta 2011ko kontu orokorrak ere onartu dituzte. Erabaki horiek eta gehiago onartu zituzten atzo egindako osokoan.

Ohiko osoko bilkura egin zuten atzo, eguena, eta bertan hainbat gai izan zituzten berbagai, tartean, 2011ko kontu orokorrak onartu zituzten aho batez.

Zaldibar antzokia

Zaldibar antzokiko bigarren faseko lanak Goitu enpresari esleitu zizkioten baita ere aho batez. Lau enpresa aurkeztu ziren lehiaketara eta irizpide teknikoak, enpleguaren sustapena, proposamen ekonomikoa eta hobekuntzak kontuan hartuta, Goituri esleitu dizkiote obra horiek. "Lehenengo fasean ere Goitu aritu zen, proiektua ondo ezagutzen du eta espero dugu lan ona egitea" esan zuen beñat Herce alkateak.

23 astez egingo dute lan, 6 hilabetez gutxi gorabehera eta esleipena 409 mila euro inguru gehi BEZ izango da, lizitazio prezioa baino "dezente baxuagoa", alkatearen esanetan.

Haur eskolako udal zerbitzua

Aho batez onartu zuten baita ere Arizmendiri esleitzea haur eskolako udal zerbitzuaren kudeaketa, azken lau urtetan bezala.

Deba bailarako Industrialdea

Deba Beheko industrialdea SA eta Debagoieneko industrialdea SA xurgapen bidez bategiteko proiektua ere izan zuten hizpide. Bildu proiektu horren kontra azaldu zen.

EAJko Aitor Urrutiak esan zuen gaia "hobeto aztertzea" nahiko lukeela, eta ondorioz, erabakia iraileko osoko bilkuran hartuko dute. Hala ere, osoko bilkuran hartutako erabaki horrek praktikan ez du eraginik izango.

Igor Ezpeleta, karguaren zain

Osokorako aurreikusita zegoen baita ere Igor Ezpeleta Bilduko hautagaiak, zinegotzi kargua hartzea. Izan ere, bere garaian Leire Urzelai zinegotziak karguari uko egin zion. Baina Madrildik oraindik erantzunik jaso ez dutenez, abuztuaren 1erako ez ohiko osoko bilkura deituko dute seguruenez Ezpeletari zinegotzi kargua emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak