Eskoriatzako Marin auzoan Madalena jaiak ospatuko dituzte asteburuan

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko uztailaren 19a

Urte asko dira auzoan Madalena jaiak behar bezala ospatzen ez dituztela, eta aurten, festa hori berreskuratu nahi dute auzotarrek. Horretarako, aspaldian izan ez duten erromeriaz gozatu ahal izango dute, besteak beste, eta taberna ere egongo da.

Eskoriatzan zazpi elizate daude eta Udaletik aukera eman zieten aurten zazpi horietako baten jaiak antolatzeko. Eta Marinen ospatuko dituzte asteburu honetan Madalena jaiak.

Zaptu eta domekan, jaia

Zapatu arratsaldean emango diete jaiei hasiera etxafuegoekin eta kanpai jotzearekin. Azken urteetan moduan, Arientzako kanpai jotzaileek kontzertutxo bat emango dute kanpaiekin. Eta gero, azken hiru urteetan bezala, auzo afaria egingo dute.

Afariaren ostean, azken 30 bat urteetan ez bezala, aurten aukera izango dute musika eta guzti jaia behar den bezala ospatzeko. Izan ere, erromeria izango dute Laja eta Narbaiza trikitilariekin eta taberna ere izango dute.

Domeka eguerdian meza izango dute eta ondorengo luntxarekin emango diete amaiera Madalena jaiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak