Abian da Udako Argazki Lehiaketa lehenengoz Eskoriatzan

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko uztailaren 19a

Herritarrek aurten aukera izango dute udan eurek ateratako argazkiak lehiaketara aurkezteko eta bertako produktuz osatutako otarre bat irabazteko.

Lehiaketan parte hartzeko ondorengo oinarriak hartu beharko dira kontuan: Eskoriatzako edozeinek parte hartu ahal izango du eta parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bi argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkiok derrigorrez digitalizatuta aurkeztu beharko dira eta argazkiekin batera informazio hau ere bidali beharko da: kontaktua, adina eta izenburua.

Epea

Argazki eta datu guztiak bidaltzeko epea irailaren 7an amaituko da, eta helbide honetara bidali beharko dira: ibarraundi@eskoriatza.net.

Erakusketa

Ondoren, lehiaketara aurkezten diren argazkiekin erakusketa egingo da Ibarraundi museoan. Asmoa da aurkeztutako argazki guztietatik 30 aukeratzea, eta erakusketa irailaren 17tik 28ra bitartean (biak barne) izango da ikusgai.

Erakusketa ikustera joaten diren herritarrek, gainera, gehien gustatu zaien argazkiari euren botoa emateko aukera izango dute.


Horrez gain, sare bidez ere eman ahal izango da botoa, Facebooken eta Eskoriatzako webgunean.

Irabazlea

Hiru kategoriatan banatuko da lehiaketa, eta, hala, hiru saridun izango dira: 15 urtera artekoa, 16-49 urte bitartekoa eta 50 urtetik gorakoa. Urriaren 2an egingo da sari banaketa eta irabazle bakoitzak bertako produktuz osatutako otarrea jasoko du.


Saria banatzen den egun horretan, urriaren 2an, irabazleen argazkiak Udalaren webgunean argitaratuko dira, www.eskoriatza.net-en.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak