Aurten aspaldiko partez ospatuko dituzue Madalena jaiak, ezta?
Bai, Eskoriatzan zazpi elizate gaude eta Udaletik aukera eman ziguten zazpi horietako baten jaiak antolatzeko. Orduan nik esan nuen baietz, aurten Marinen antolatuko genituela, eta azken hiru urtetan Madalenetan auzo afari bat egin izan arren, aurten aukera izango dugu musika eta guzti jaia behar den bezala ospatzeko. Horrela hasiko gara eta ikusiko dugu ea ahaztuta geneuzkan jaiekin etorkizunean jarraitzen dugun.
Zein egitarau prestatu duzue astebururako?
Madalena bezperan, hilak 21, kanpaiak jo eta etxafuegoak botako ditugu jaiei hasiera emateko. Etorriko dira baita ere urtero moduan Arientzako kanpai jotzaileak eta kontzertutxo bat emango digute kanpaiekin. Afaltzeko, 21:00ean auzo lokalean elkartuko gara auzotar gehienak, 42 lagun inguru. Esan moduan badira hiru urte afari hori egiten dugula eta egia esan auzotarron arteko harremanak sendotzeko balio izaten digu eta oso ondo pasatzen dugu. Eta gauean trikitilariak izango ditugu: Laja eta Narbaiza. Hiru ordu inguruko emanaldia egingo dute eta espero dugu jendea etortzea eta dantza egitera animatzea. Ea zarata apur bat ateratzen dugun! Eta domekan 12:00ean meza izango dugu eta horren ostean, mokadutxo batekin emango diegu jaiei amaiera.
Zenbat urte daramatzazue jaiak ospatu gabe?
Urte asko dira dagoeneko… agian 30 urte edo izango dira jaiak ospatu ez ditugula. Lehen jai oso onak egiten ziren Marinen Madalenetan eta jende asko etortzen zen; etxe guztietan gonbidatuak izaten ziren, baina ohitura horiek galdu egin ziren. Orain ea beste modu batera berreskuratzen ditugun.
Zein mezu bidaliko zenieke auzotarrei eta herritarrei?
Etortzeko Marinera. Oso leku polita da eta dantza egiteko aukera egongo da. Tabernatxo bat ere jarriko dugu gainera.