Taldea duela 20 urte sortu zuten, baina orain estatutuak sortu eta formalizatzea nahi dute eurek kudeatzen duten zona Aizkorri-Aratzeko parke naturalak hartuko duen zona izango delako. Martxoan erabaki zuten Bedoñan egindako batzar batean elkartea formalizatzeko garaia zela. Horregatik, Jaurlaritzara elkarte moduan erregistratzeko dokumentazioa apirilean bidali zuten eta orain haren erantzunaren zain daude.
Nahi dutena da elkartea formalizatzea Diputazioak parkeko baldintzak zehaztu aurretik. "Parkeko baldintzak Diputazioak zehaztu behar ditu eta guk nahi duguna da arau horiek atera aurretik baldintzak eurekin zehaztea eta negoziatzea" esan digu Peñakargako lehendakari Angel Mari Etxabek.
Peñakarga izena hemendik dator: pista zati horri esaten diote Peñakulotik Kargalekurako bidea dela eta estatutuetan hitz bakarra eskatzen zutenez, bien artean izen hori osatu zuten: Peñakarga.
Auzolana helburu
Peñakarga elkartearen helburu nagusia da auzolanaren bitartez aipatutako pista mantentzea basoko autoekin gora eta behera ibili ahal izateko eta kuota bat ordaintzen dute sozioek lortutako diruarekin urtero hiru auzolan egiteko.
Zapatuan joango dira lanera
Otsaileko bigarren larunbatean egin zuten urteko lehen auzolana eta urteko bigarrena zapatu honetan bertan egingo dute, bihar. Bidea garbituko dute eta bertan dauden arramak eta narrak kenduko dituzte.
Auzolanetarako taldetan zatitzen dira eta zapatuan hiru bat orduko lana izango dutela aurreikusten dute. Hamarretakoa egiteko bide erdian dagoen Uxarteko txabolan elkartuko dira eta goiza giro onean igaroko dutela esan digu Etxabek: "Guztiok ezagutzen gara eta gure artean giro oso ona dago, ez dugu inolako arazorik izaten eta ondo konpontzen gara".