Udal eraikinetan eta erabilera publikoa daukaten eraikinetan lehiaketa jarri du martxan Udalak

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko uztailaren 9a

Udalak erreferente izan nahi du ingurumena zaintzen eta baita herritarrak kontzientziatzen ere, eta lehiaketa bat bideratu du udal eraikinak eta erabilera publikoa daukaten eraikinak jasangarriago izateko.

Lehiaketan parte hartu dute udaletxeak, Teleskok, liburutegiak, Arizmendi-Almeneko eraikinak, zaharren egoitzak eta kultura etxeak. Azken lau asteetan astero galdetegi bat bete behar izan dute. Gaiak hauexek izan dira: zaborra, ura, energia, papera eta erosketak, besteak beste. Galdetegiak jaso eta hurrengo astean galdera sorta berriarekin batera bidali zaie aurreko galdetegian zenbat puntu lortu zuten eta aurreko asteko gaiaren gaineko gomendio batzuk, zer hobetu behar duten jakiteko.


Horrekin Udaletik nahi izan dute lortzea inkesta hori betetzen zuten pertsonek jakitea zein gomendio hartu behar dituzten kontuan eraikin hori jasangarriagoa izateko. Eta aldi berean, Udaletik jaso duten informazioaz lortu dute eraikin bakoitzaren diagnostiko txiki bat egitea. Hauxe esan digu beñat Herce alkateak: “Nahiko ondo egon da, parte-hartzea ez da izan guk espero bestekoa eta aurkitu ditugu zenbait gauza hobetu beharrekoak, baina jarraitzeko asmoa daukagu”.


Lehiaketaren lehenengo fasean puntuazio altuena lortu duen eraikina udaletxea izan da eta bigarren fasea, udako oporren ostean, irailean jarriko dute martxan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak