Aurten, nobedade nagusia ibilbide aldaketa zen: Gatzagako errepide zaharretik igo beharrean, Arlabanen jardun zuten pilotoek. Ikusmin handia piztu zuen lasterketak eta antolatzaileak, gidariak zein ikusleak pozik azaldu ziren ibilbide berriarekin. Igoera berriak sei kilometro ditu eta esan bezala Arakistain izan zen onena atzo, 3 minutu, 18 segundo eta 839 milareneko denbora eginda. Joseba Iraolak 03:21:226 egin zuen eta Ruben Nogueirasek 03:26:449.
Aitor Zabaletak motorra hautsi
Beroari aurre eginez, ikusle ugari batu ziren Arlabango bihurguneetan proba jarraitzeko. 63 pilotu izan ziren irteeran, tartean Debagoieneko ordezkari dezente. Haiendako izan ziren animo eta txalorik handienak ikusleen partetik. Faboritoen artean Aitor Zabaleta bergararrak motorra hautsi zuen entrenamendu saioan eta ez zuen parte hartzerik izan. Bezperan motor berria ekarria zuen Zabaletak Lola BMW barketarendako baina zorterik ez zuen izan, eta amorratuta utzi behar izan zuen lasterketa.
Eskomotor taldeko antolatzaileak pozik azaldu ziren Arlabango igoerak emandakoarekin. Dena ondo atera zen eta pilotoek ere oniritzia eman zioten ibilbide berriari. Lasterketaren ondoren, sari banaketa egin zuten Eskoriatzako plazan. Sari nagusiez gain, Gorka Idigorasek herriko onenari zegokion saria jaso zuen: Opel Astra GSI gidatuta, 19 tokian sailkatu zen Idigoras, 04:00:61 denborarekin.