Igerilekuak ixteagatik, herritarrak haserre

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko uztailaren 6a

Joan zen astean Eskoriatzako igerilekuak (kanpokoa eta barrukoa) itxita egon ziren garbiketa lanak egiteko eta eguraldi beroarekin batera etorri den itxiera horrek, igerilekuen erabiltzaileei kaltea eragin die. Horren aurrean, Beñat Herce alkateak aurrerantzean igerilekuaren garbiketa lanen eragina ahalik eta txikiena izateko neurriak hartzeko konpromisoa hartu du.

Higiene-arrazoiak tarteko, Eskoriatzako Udala behartuta dago igerilekuak urtean behin sakon garbitzera. Kanpoko igerilekura joateko kiroldegi barruko aldagelak eta barruko igerilekuaren ertza erabili behar izaten da. Ondorioz, barruko igerilekuko garbiketa lanak irauten zuten bitartean, kanpokoaren erabilera ere ez da baimendu ahal izan, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, garbiketa lanetan produktu toxiko eta arriskutsuak erabiltzen baitira.


Kanpoko igerilekua ixteak nolabaiteko haserrea sortu du erabiltzaileen artean, baina "urtero igerilekua garbitu beharra dago eta data baten ez bada beste baten egin beharra" dagoela adierazi dute Udaletik. "Dena den, uste dugu hurrengo urteei begira garbiketa lanak egin bitarteko astean kanpoko igerilekuaren zerbitzua eskaintzeko alternatibaren bat planteatzeko aukera egon daitekeela eta aukera horri bide ematen saiatuko gara, garbiketa lanek Udalak eskainitako zerbitzuari ahalik eta gutxien eragin dakien" diote Udaletik.


Beraz, pasa den astean zehar igerilekura erabiltzera hurbildu ziren guztiei barkamena eskatu nahi diete Udaletik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak