Auzolandegian 15 gazte dabiltza Alberka ingurua txukuntzen

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko uztailaren 5a

Aurten lehen aldiz egin dute auzolandegia Eskoriatzan eta Alberka ingurua txukundu eta konpontzen dabiltza. Momentuz, urez gainezka zegoen alberkatik ura atera eta bertan zeuden harri eta kristalak kendu dituzte. Hamar zentimetrotako lokatza ere bazegoen bertan eta palekin atera egin dute. Baserri ondoko txabola bota egin dute eta baserriko pareta garbitzen ibili dira egunotan, gero, zementuarekin berdindu eta margotzeko. Ingurumena zaindu eta mantentzeko, ibai ingurua ere garbitzen dabiltza. Lan horiek guztiak goizetan egiten dituzte gazteek.

Arratsaldeak, berriz, bailarako inguruak ezagutzeko aprobetxatuko dituzte. "Asmoa da gazteek hemengo inguruak ere ezagutzea eta toki hauetara joan nahi dugu, besteak beste: Urkulura, Oñatiko Usakora, Eginora eskalatzera..." esan digu Miriam Azpeitia begiraleak.

Guztira, 13 lagun eta bi begirale dabiltza lanean. Gazteak, besteak beste, Tolosa, Deba, Idiazabal, Gasteiz eta Bizkaia ingurukoak dira.

Guztiak pozik

Datorren egubakoitzera arte egongo dira gurean, hilaren 13ra arte, eta ikusten denez ez zaizkie ekintzarik ezta lanerako gogorik ere falta. Momentuz behintzat esperientzia aberasgarria dela azaldu digute gazteek eta Eskoriatzako Ibarraundi museoko Eneritz Zubia teknikaria ere oso pozik dago gazteak egiten dabiltzan lanarekin: "Lehenengo aldia da auzolandegia Eskoriatzan egiten duguna eta oso pozik gaude, beraz, nik uste errepikatzeko moduko esperientzia dela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak