Atzo, domeka, amaitu ziren Sanpedroak. Eskoriatzar bat baino gehiagoren gorputzak eskertuko du jaiak amaitu izana, eguenetik atzora arte deskantsu gutxi hartuko zuelako. Beste herri batzuetan ez bezala, jai girorik beroenean agurtu zituzten eskoriatzarrek herriko festa nagusiak: Euskal Jaia ospatuz. Goizetik baserritar jantzita irten, taloa eta sagardoa dastatu eta trikitilariek girotutako poteoaren ostean Santa Marinako txosnagunean bazkaldu. 340 lagun inguru batu ziren herri bazkarian: 310 bat heldu eta 30 haur.
Atzokoa egun handia izan arren, eguenetik izan zen zertaz gozatu. Lehen eguneko parranda gosea ondo baino hobeto ase ondoren, egubakoitzeko Herriaren Taupada ikuskizuna aipatu beharra dago, arrakasta borobila izan zen-eta. 60 bat herritarrek hartu zuten parte, oso saio hunkigarria izan zen.
Haur danborrada eta koadrilen arteko jokoak
Zapatuan haurren danborradak –150 bat haur aurten– eta koadrilen arteko jokoek hartu zuten lekukoa. Umeek gogoz astindu zituzten danborrak, kale bazterrak senide eta lagunez beteta zeudela. Guztiek gura zuten euren seme, iloba edo biloba agurtu eta argazkia atera. Gero, gazteen txanda heldu zen: zazpi koadrila lehiatu ziren Eskoriatzako II. Bandera irabazteko eta giro ederra jarri zuten, denetariko probekin. Aurten, iaz moduan, Drinking Team koadrilak eraman zuen bandera.
"Jendeak parte hartu du"
Arantza Untzueta kultur etxeko arduradunak zioen jaiak "oso ondo" joan direla orokorrean: "Oso ondo funtzionatu dute ekintza herrikoiek eta esango nuke gauean aurrekoetan baino jende gutxiago ibili dela. Zapatuan, adibidez, askoz jende gehiago egotea espero nuen. Gaur [atzo] da egun handiena; giro ederra dago".