Ohiko osoko bilkura egin zuten atzo Eskoriatzan eta gai zerrendako hiru proposamenak aurrera irten ziren. Batetik, onartu zuten Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko espetxetan dauden presoen senideei eta EAEtik kanpoko epaitegietara auzipetu bezala joan behar diren eskoriatzarrei garraiorako diru laguntza indibidualak emateko oinarriak. Bestetik, 0-3 urte bitarteko haur eskolako udal zerbitzua kudeatzeko kontratua izan zuten hizpide, indarrean dagoen kontratua bertan behera utziko dute eta zerbitzua esleitzeko prozedura lehiaketara aterako dute. Eta azkenik, 2013rako herriko jai eguna San Pedro eguna izatea erabaki zuten; ekainaren 29a, hain zuzen.
Bi mozio
Horrez gain, Ezker Anitzak bi mozio aurkeztu zituen eta horiek biak ere aurrera atera ziren, biak 7 aldeko botokin eta elizateetako 2 abstentziorekin. Lehenengo mozioak hezkuntza arloko murrizketen kontra egiten du eta Eusko Jaurlaritzari eta beste euskal instituzioei eskatzen die murrizketa horiek ez aplikatzea Euskal Autonomia Erkidegoan. Beste mozioarekin, hilaren 28an Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta, gay, lesbiana, transexual eta bisexualendako eskubide berdintasuna eskatzen dute.
Foro kontsultiboak
Galde-eskeen unean iritsi zen eztabaida nagusia. Oposizioan dauden kideek Udal gobernukoei egotzi zieten informazioa ez zaiela eurei helarazten. Esaterako, alderdi jeltzaleko Aitor Urrutiak esaldi hauexek esan zituen: “oposizioko zinegotziekin ezer gutxi egoten direla; informazioa egon egongo dela, baina eurei ez zaiela ematen; esaterako, AHTri buruz ez dakitela ezer azken bost urtean”… Horren aurrean, Beñat Herce alkateak esan zien galdetu duten guztietan ematen zaiela informazioa eta jarrera horrekin guztiz kontra dagoela azaldu zuen. "Ni guztiz kontra nago euren jarrerarekin. Diote informazioa ez dugula ematen, baina oraindik ez dute adibide bat jarri esaten noiz ez dugun informaziorik eman eurek egindako galdera bati. Galdetu duten guztietan eman zaie informazioa" adierazi zuen Beñat Herce alkateak.
Ezker Anitzako Juan Luis Merinok orduan esan zuen foro formal kontsultibo bat sortu dezaketela udal gobernuko kideen eta oposiziokoen artean hilean behin elkartu eta informazioa partekatzeko. Alkateak ez zuen inongo arazorik jarri eta adierazi zuen alderdi bakoitzeko bozeramaileari mail bat bidaliko diela foro formal horretarako eguna zehazteko. Baina gaineratu zuen, informazio asko eta asko egiten diren batzorde informatiboetan ematen dela. "Ziurrenik hemendik aurrera formalizatuko dugu foro hori eta horrela funtzionatzen hasiko gara, ea horrela behintzat batzordeetara ezin izaten dutenean etorri, foroetan jasotzen duten informazioa" esan zuen alkateak.