Eskoriatzako Udalak haur parkeak izan ditu aztergai gurasoekin batera egindako bileran. Horrela, gurasoengana iritsi nahi izan dute, gurasoak direlako haurrekin parkeetan ibiltzen direnak eta parkeak hobekien ezagutzen dituztenak.
Horretarako, haur parke hauek aztertu zituzten: Olaetakoa, Aranburuzabalakoa, Dorletakoa, frontoia eta kantxa, liburutegi ondoan dagoen haur parkea, San Pedrokoa, Intxaurtxuetakoa eta partxisa.
Lehentasunak
Haur parke horiek guztiak banan-banan aztertu ondoren, hauxe izan zen iritsi ziren ondorio nagusia: herrian hutsunea dagoela aisian 9-14 urte bitarteko gaztetxoendako. "Ikusi dugu oso haur txikiendako parkeak daudela eta parkeetan beste elementu batzuk jartzeko aukera aipatu da; esaterako, natura elementuekin jolasteko aukera" azaldu zigun Etxanizek. Beste ondorio bat izan zen liburutegi ondoan dagoen parkeak konpontzeko edo aldatzeko beharra daukala.
Orain, Udalaren erronka, ahal den neurrian, lehentasun horiei erantzuna ematea izango dela gaineratu zuen gazteria teknikariak eta bileraren balorazio "oso positiboa" egin zuen.