Canterok prentsa ohar bidez adierazi du Udal Gobernu berriak "murrizketak" egin dituela oinarrizko zerbitzu sozialetan –etxez etxeko laguntza zerbitzuan eta gizarte larrialdietarako laguntzetan–: "Aurrekontu antisozialak dira eta kontserbadoreak ekonomia ikuspuntutik. Alkatearen soldata 38.000 eurotik 52.000 igo dute eta hori eskandalagarria da. Bilduren gobernu taldeak alorrik sentiberenak ukitu ditu. Ez da ezer salbatzen, alkatearen soldata igoera izan ezik".
Ekonomia eta hondakinak
Era berean, Jose Luis Canterok Bilduri egotzi dio "lanpostuak sortzera, eta ekonomia eta herriko komertzioa suspertzera euro bakar bat bera ere bideratu ez" izana, nahiz eta langabezia tasak gora egiten jarraitu.
Hondakinei dagokienean, esan du sistema horren ezarpena Eskoriatzaren "kaltetarako" izango dela eta bosgarren edukiontzia dela "onena", "garbiagoa, jasangarriagoa, merkeagoa eta erosoagoa" delako. "Hasieran Bildu ez zen azaldu sistema hori ezartzearen alde, baina azkenean onartu egin du. Agerian geratu da gezurretan aritu direla".
"Gehiegikeriak"
Gehiengo absolutua duela aprobetxatuz "gehiegikeriak egiten eta oposizioko alderdien eskubideak mozten" aritzea ere egotzi dio Bildu koalizioari, baita "Eskoriatzako herriaren gainetik Martin Garitano Ahaldun Nagusiaren eserlekua libratzea lehenestea" ere.
Bukatzeko, oposizioa egiten jarraituko duela berretsi du Jose Luis Canterok, "ezkerretik eta herritarren zerbitzura".