25. urteurrena ospatuko du domekan Olazar elkarteak

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko ekainaren 17a

Apirilaren 30ean bete zituen Olazar erretiratuen elkarteak 25 urte, eta egun osoko egitaraua antolatu dute domekarako urteurren hori ospatzeko. Mezaren ostean salda egongo da herritar guztiendako, plazan, eta gero bazkaria izango dute kiroldegian; 230 lagunek eman dute izena.

San Migel anaiek bertsotan egingo dute eta dantzaldia ere izango da. Bestetik, Mertxe Galdosi lore sorta emango diote, Olazarko zuzendaritza taldean egon den zaharrenetakoa delako. Eta Arrasateko Jose Rivierek, Debagoieneko erretiratuen izenean, plaka bat entregatuko die Olazarko zuzendaritzako kideei.

1979a ezkero 

Eskoriatzako erretiratuak 1979. urtean hasi ziren batzarrak egiten. "Bost lagun hasi ziren, eta euren etxeetan egiten zituzten bilerak. 1987. urtean, berriz, erretiratuen etxea, egun daukagun etxea, egin zuten, eta, ordutik hona, hantxe egiten ditugu bilerak. Orduan hasi zen Olazar elkartea gorpuzten", azaldu du egungo presidenteak, Josetxo Enekotegik. 25 urteren ostean, Olazarrek osasun ona duela dio Enekotegik. "Eraikinean ditugun taberna, dantza-lekua eta jangela asko erabiltzen ditugu. Bestalde, ekintza asko antolatzen ditugu eta parte-hartzea handia izaten da, batez ere egun bakarreko txangoetan. Bingoa askori gustatzen zaie eta bazkariak antolatzen ditugunean ere arrakasta handia izaten dute. Hitzaldietara, ordea, oso gutxi etortzen dira".

Ereserkia egin dute 

25. urteurrena ospatzeko, egun osoko egitarauaz gainera, ereserkia ere egin dute. Txomin Azpitarte, lehengo presidentea, hasi zen hori antolatzen. Horretarako, bi laguni eskatu zien laguntza: Juan Carlos Irizar musikariari, musika jartzeko, eta Amets Arzallus bertsolariari, letra idazteko. Domekan  aurkeztuko dute. Abesbatzak, baina, entseguak egin ditu, eta oso zortziko polita dela aurreratu dute. Bada, hemendik aurrerako ekitaldi guztietan abesteko asmoa dutela adierazi dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak