Olazar erretiratuen elkarteak 25. urteurreneko ospakizuna egingo du domekan

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko eka. 14a, 18:46

Bazkaritarako 230 lagunek eman dute izena dagoeneko eta ereserki eta guzti izango dute hemendik aurrera. Ereserki horren musika Juan Carlos Irizarrek jarri die, eta letra, berriz, Amets Arzallus bertsolariak. Herriko abesbatzaren ahotsean entzun ahal izango da estreinakoz ereserkia domeka honetako festan.

Eskoriatzako Olazar erretiratuen elkarteak 25 urte bete ditu eta urteurren hori ospatzeko egun osoko egitaraua antolatu dute domeka honetarako. Irudiotan juntako kide batzuk agertzen dira festako egun handirako azkeneko hitzorduak zehazten.

Egitarau zabala domekarako

Egitarau zabala prestatu dute domekarako; goizean meza ostean salda banatuko dute herritar guztien artean herriko plazan eta trikitilariak lagunduta joango dira handik kiroldegira, bazkaltzera. Omenaldirako tarterik ere izango dute. Batetik, Mertxe Galdosi lore sorta bat emango diote, Olazarko zuzendaritza taldean egon den zaharrenetakoa delako. Bestetik, Jose Rivierek, Debagoieneko erretiratuen izenean, plaka bat entregatuko die Olazarko egungo zuzendaritzako kideei. Eskoriatzako San Migel anaiek bertsotan egingo dute eta dantzaldia ere egongo da bazkaltzera joango diren guztiendako. Ondo pasatzeko asmoz joango dira erretiratuak.

Gaur egun 650 kide inguru daude elkartean eta horietatik 230ek eman dute izena, momentuz, domekako bazkarirako.

Ereserkia

25. urteurrena ospatzeko, egun osoko egitarauaz gain, ereserkia ere egin dute. Txomin Azpitarte, lehengo presidentea, hasi zen hori antolatzen. Horretarako, bi lagunei eskatu zien laguntza: Juan Carlos Irizar musikariari musika jartzeko, eta Amets Arzallus bertsolariari, letra idazteko. Domekan entzun ahal izango da estreinakoz abesbatzaren ahotsean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak