Errekan Gora kontzertuz beteta dator aurten ere

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko eka. 12a, 16:21

Uztailaren 6an hasiko da Mikel Markez eta Erramun Martikorenaren kontzertu batekin eta hilaren 28ra bitartean Euskal Herriko hainbat talde eta bakarlarik kontzertuak eskainiko dituzte herriko txoko desberdinetan. Aurten, berrikuntza moduan, Bolibar elizatean izango da kontzertu bat. 

Aitzorrotz kultura elkarteak antolatuta, Errekan Gora ekimenarekin kontzertuekin gozatzeko aukera izango da uztailean Eskoriatzan.

Aurtengo Errekan Gora antolatzerako orduan, aurrekontua murriztu egin behar izan dute, baina hala ere, egin duten ahaleginarekin aurreko urteetako emanaldi kopuru bera mantentzea lortu dute. Euskal Herriko talde eta bakarlari ugarik parte hartuko dute eta kontzertuak herriko esparru desberdinetan izango dira urtero moduan.

Kontzertu ugari txoko desberdinetan

Uztailaren 6an emango diote hasiera Errekan Gora ekimenari. Egun horretako kontzertua Huheziko klaustroan izango da eta Mikel Markez eta Erramun Martikorenaren musika entzun ahal izango da.

Uztailaren13an, jazz, funk eta hip hop erritmoak uztartzen dituen kontzertu dantzagarria eskainiko dute Tom Tom Makuts taldeko kideek Gernika plazan 22:30ean.

Mikel Urdangarin ere izango da Azkoaga Enea hoteleko berdegunean uztailaren 14an 22:30ean.

Bolibarren, berriz, fadoa gertutik ezagutzeko aukera izango da uztailaren 20an Vientos de Saude taldearen eskutik.

Uztailaren 21ean izango da Aitzorrotz mendiko ekitaldia. Duela bi urtekoa baino xumeagoa izango dela diote antolatzaileek, baina era berean, oso interesgarria izango dela gaineratu dute. Maite Frankok ipuinen mundura gerturatuko ditu bertaratutakoak.

Nafarroa bizirik kantaldi akustikoa izango da beste ekintza garrantzitsu bat eta Euskal Herriko erreferente diren musikariak oholtza berean izango dira uztailaren 28an. Lauroba, Hesian edo Des-kontrol taldetako kide batzuk izango dira, besteak beste.

Udala eskertuta

Udalak Aitzorrotz kultur elkartea eskertu nahi izan du aurkezpenean eta Joxe Angel Petralanda kultur zinegotziak esan du Errekan Gora hitzordu garrantzitsutzat jotzen dutela Eskoriatzako urteroko kultura arloan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak