Atxorrotzerako kronoigoerak saltsa jarriko du Gabez Takarraran proban

Xabier Urtzelai 2012ko ekainaren 7a

Zapatuko (23:00) Gabez Takarraran lasterketa iazkoa baino saltseroaga izango da. Eta ez iazkoa makala izan zelako –lehenengo edizioa izateko, eta gabez, harrera ona izan zuen– baina bai aurtengoak osagai gehiago dituelako. Hasteko, antolatzaileek ibilbidean hainbat aldaketa egin dituzte. Lasterketaren lehen zatian atletek Asentziomendiraino igoko dute, eta handik bueltan, Eskoriatzatik gora Atxorrotx igoko dute, zuzen. 

Hain zuzen, eskoriatzarrendako berezia den Atxorrotxeko igoerak saltsa jarri du herrian, igoera hori kronometratu egingo dutelako, eta apustuak egin daitezkeelako tabernatan (euro 1): "Dagoeneko badakigu tabernaren baten zozketak amaitu zaizkiela", esan digu probako antolatzaileetako batek, Julen Ezeizak. Seguru eskoriatzarren artean beti egon izan dela lehia hori, nork Atxorrotz azkarrago igo, eta ikusteko dago bihar azkarrenak zenbatean geratzen duen erlojua. Bere poltsikoko dirua jokatuko balu: "Ikusi egin beharko nuke zeintzuk datozen, baina hemeretzi minuturen bueltan ibiliko da", dio barrez Ezeizak, kartaren bat ezkutuan izango balu moduan.


Internetez aste barruan 50 lagun zeuden izena emanda: "Baina badakigu jendea azken unera arte zain dagoela, besteak beste, Hiru Handiak probatik zelan errekuperatzen den ikusteko". Berrehun laguneko izenematea betetzen ez bada, lasterketa aurretik izena eman ahal izango da, Eskoriatzako plazan, proba baino hasi baino apur bat lehenago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak