Eguerdi inguruan, eguzkiak gogorren jo duenean, jendez bete da herriko kale nagusia. Postuetan, askotariko artisauen lanak aurki zitezkeen. "Iaz harriak eta mineralak jarri nituen erakusgai; aurten, egurrezko lanak ekarri ditut, matrakak, instrumentuak eta horrelakoak" zioen Eskoriatzako bertako Jabier Etxebarrietak.
Zenbait kasutan, artisauek jendaurrean erakutsi dute nola lan egiten duten. Horixe izan da Azpeititik etorritako Iñaki Agirrezabala banastagilearen edo Iruñeako Xabier Iturrioz zapatagilearen kasua. "Udako sandaliak ekarri ditugu gaur, eta jendaurrean egiteko ere ekarri dugu. Jendeak apreziatzen du hori: erabiltzen ditugun materialak ikusten dituzte, eta froga dezakete eskuz egindakoak direla" zioen Iturriozek. Bitxiak, ukendu eta xaboi ekologikoak, baserritar arropak, herriko bertako emakumeek egindako ehoziri-lanak eta patchwork-ak... Denetarik eta denendako.
Sabela betetzeko, aukera ugari
Jatekorik ere ez da falta izan. Hala, Arizmendiko ikasleek esaterako, askotariko pintxoak eta krispetak saldu dituzte euren postuan. Eguerdi parteann postuan zeuden Ane, Eider, mireia eta Rhizlanek azaldu digutenez, goiza motel samar hasi den arren, egunak aurrera egin ahala gero eta gehiago ziren mokadutxoa egitera animatu direnak, batez ere, krsipetak jateko. Eta parrokia inguruan ere jende ugari bildu da Arizmendiko guraso eta irakalasleek prestatutako taloak jateko.
Urdaiazpiko, gazta, barazki eta bestelako produktu ugari era egon dira salgai postuetan, eta Eskoriatzan izan da baita ere Segundo Meabe, aurtengo euskal pastel lehiaketan txapelduna izan dena. Baina Ferixan lehiaketak ere izan dira, eta hala, hirugarren aldiz, Aretxabaletako Gorka Letek eskuratu du gazta lehiaketan lehen saria. "Sekretua? Gauzak ondo egitea. Gurea gazta ekologikoa da, beraz horregatik ere izan daiteke" kontatu digu Letek garaikurra jaso eta gero. Bigarren saria Mila Goñirentzat izan da.
Eguna baina, ez da azokarekin amaitu, izan ere herri bazkariaren txanda etorri da-eta azokaren ostean.