Ordiziako udaletxeak azokak egiteko dituen mahaiak, moduluak, ekarriko dituzte gaur goizean Eskoriatzara, bihar izango den 16. Ferixarako. 17:00etan hasiko dira modulu horiek muntatzen.
Bi txapel
Aurreko urteetan hartutako esperientzia ez da alferrikakoa eta Arizmendi ikastolak dena lotuta du biharko azokarako. "Bihar 07:00tan elkartuko gara. 140 lagun inguru ibiliko gara lanean dena ondo atera dadin", aurreratu du Arizmendiko Lierni Altunak.
Gaur eta bihar artean egin beharreko muntaketa lana falta da bakarrik egiteko, egitaraua lotuta dago. "Ez dago berritasunik, baina aurreko urteetako hitzorduei eutsi egin diegu. Txapel jaurtiketa, adibidez, lehen aldiz egin genuen iaz eta sekulako arrakasta izan zuen. 63 lagunek hartu zuten parte. Eta aurten errepikatzea erabaki dugu. Bi txapel erosi ditugu horretarako, eta partehartzaile bakoitzak bi jaurtiketa egingo ditu. Luzeena hartuko dugu kontuan", zehaztu du Lierni Altunak.
56 artisau
Iluntzean izango da txapel jaurtiketa txapelketaren bigarren edizioa, herriko plazan. Azoka,baina, goizetik izango da. 56 artisauk eman dute izena, adibidez, biharko. Herrikoak eta bailarakoak ez ezik, Fustiñana, Gorliz, Gasteiz, Bilbo, Pasaia, Iruñea edo Liedenako artisauak etorriko dira. "Bertakoak direnak plazan egongo dira, eta gainerakoak hotelaren paretik goiko tabernen pareraino jarriko ditugu. Artisauen postuak eta baserritarrenak, denak tartekatuta egongo dira kalean gora", azaldu du Altunak. Izan ere, artisauak ez ezik, baserritarren produktuekin eta elikagaiekin ere etorriko dira Eskoriatza bihar handik eta hemendik. "Baionatik, estarako, bi lagun datoz: batek patea ekarriko du eta besteak han ohikoak diren gazta erraldoiak. Bestalde, baserriko produktuekin etorriko diren gehienak gipuzkoarrak dira, eta elikagaiekin, kontserbekin batez ere, etorriko direnak, bizkaitarrak" zehaztu gura izan du azoka antolatzen ibili den Arizmendi ikastolako ordezkariak.
Sei gazta
Aurtengo gazta dastatze eta txapelketan ere, sei gazta ekoizlek hartuko dute parte. Seirak dira bailarakoak eta horietatik bi, behintzat, Eskoriatzakoak. Urtero bezala jendeak izango du aukera gaztak probatu eta bere iritzia emateko. Herritarrak egingo dute epaile lana.
Guzti horrez gain, 140 ume baino gehiago apuntatu dira txorimalo lehiaketarako. Gobernuz kanpoko hiru erakunde ere egongo dira euren proiektuak azaltzen, tartean Eskoriatzako Chiapas, ume eta gaztetxoendako 10 jolas tradizional ere prestatu dituzte eta urteroko herri bazkaria ere egingo dute. 150 lagun inguru espero dituzte pilotalekuan izango den bazkarirako.