Printzearekin eskontzea da askoren ametsa, baina desio hori amets gaizto bihurtu daitekeela erakusten du zapatuan Ausartak antzezlanak aurkeztuko duen La Cenicienta que no quería comer perdices izeneko antzezlanarekin.
9 emakume aktore
Eskoriatzako bederatzi emakumek osatzen dute Amuska elkarteko antzerki tailerrean sorreran duen Ausartak izeneko antzerki taldea. "Duela bi urte egin genuen antzezlan hau lehendabiziko aldiz, baina orain berritasunekin dator. Batetik, orduan ez zeuden aktore batzuk parte hartzen dute orain eta bestetik, eguneratu egin dugu pixka bat gidoia", azaldu du Amuska elkarteko Maribi Carrilok.
Gaztelu bat, taberna bat, dantza egiteko areto bat eta plaza bat dira antzezlan honetako eszenatokiak. "Eszenatoki asko ditu lanak eta dena muntatzen Arrasateko Amaia antzokio teknikari batek lagunduko digu", jarraitu du Carrillok.
Antzerki tailerretik
Urrian hasi eta ekaina bitartean irauten du Amuska elkarteak antolatzen duen antzerki tailerrak eta hortxe sortu zen Ausartak taldea. Ikasturtea bukatzear dute eta urte guztian zehar prestatu duten antzezlana erakutsiko dute zapatuan. "Hilabete bakoitzean bi zapatutan elkartu gara, entseguak egiteko, eta aste honetan ere bai", dio Maribi Carrillok. Prestatutako lana bihar taularatuko dute, 22:00etan unibertsitatean. Sarrera, bi euro da.
Bestalde, 17:00etan, "Démeter y Perséfone" antzezlana egongo da toki berean eta domekan, zazpi elizateetako martxa egingo dute 07:00tan abiatuta.