Iñaki Uribe-Etxebarria: "Gabez mendian korrika egiteak alderik basatiena ateratzen du"

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko maiatzaren 16a

Ekainaren 9an ospatuko da Gabez Takarraran lasterketaren bigarren edizioa. Prestaketa lanetan dabilen Iñaki Uribe-Etxeberria antolatzailearekin izan gara.

Zer moduz zabiltzate antolaketa lanekin?

Azken txanpan murgilduta gaude. Astero-astero elkartzen gara hamar lagun inguruko taldetxo bat eta gutxi gorabehera guztia daukagu bideratuta. Hemendik aurrerako lana izango da herritar eta ingurukoei lasterketa egongo dela jakinaraztea eta animatzea ahalik eta jende gehienak parte hartzeko.

Lasterketa gauez izatea da bereizgarri nagusiena. Zergatik gauez?

Mendi lasterketen egutegia ikusiz gero, martxotik azarora bitartean astebururo lasterketa bat baino gehiago egoten dira eta jendea erakartzeko zerbait espeziala egin behar da; gure berezitasuna da gabez egitea. Gainera, gabez mendian ibiltzeak edo korrika egiteak gure alderik basatiena ateratzen du eta sentsazioak eta emozioak askoz gogorragoak dira.

Aurten gainera, Atxorrotzera azkarren igotzen denak saria jasoko du, ezta?

Bai. Korrikalariak plazatik zuzenean igoko dira Atxorrotzera; iaz kontrako noranzkoan egin zuten, baina aurten beste apustu bat egin nahian, Atxorrotzeko errekorra deitu dioguna sortu dugu. Hau da, plazatik hasi eta Atxorrotzerainoko bide hori kronometratu egingo zaie korrikalari guztiei eta denbora gutxien egiten duenarendako sari berezi bat egongo da. Itxura denez, aitzina Eskoriatzan apustuak egiten ziren eta geuk ere hori bultzatu nahi izan dugu. Gainera, hurrengo egunetan hasi eta lasterketa egunera arte tabernetan apustuak egiteko aukera egongo da. Euro baten truke denbora bat emango da eta denbora asmatzen duenak edo gehien hurbiltzen denak sari bat eramango du.

Nolako harrera espero duzue?

Aurreko urtekoa baino harrera hobea espero dugu. Webgune bat ere martxan daukagu www.eskoriatzagabeztakarraran.com eta bertan eman daiteke izena. Irakurleei esan nahi diet animatzeko, hemen inguruan ez dagoelako horrelako beste lasterketarik eta parte hartzeko.

-----------------

Goi mailako kirolariak aurkezpenean: egubakoitzean aurkeztu zuten Gabez Takarraran lasterketaren bigarren edizioa eta bertan izan ziren, besteak beste, kirolari hauek: Oihana Kortazar, Haritz Kortabarria, Josune Bereziartu eta Rikar Otegi. Argazkian Iñaki Uribe-Etxebarria antolatzailea ere azaltzen da aurtengo kartela eskuetan duela. Herritar dezente izan diren Ibarraundi museoan egindako aurkezpenen ekitaldian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak