Gabez Takarraran ekainaren 9an egingo da

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko maiatzaren 11

Aurkeztu dute Gabez Takarraran lasterketaren bigarren edizioa. Ekainaren 9an ospatuko da eta 23:00ean abiatuko da plazatik. Eskoriatza bere osotasunean hartuko du ibilbideak: Asentziotik Aitzorrotzeraino eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.

Lehenengo edizioan 62 korrikalarik hartu zuten parte Gabez Takarraran lasterketan eta balorazioa oso positiboa izan zen. Izan zuen harrera ona ikusita, aurten bigarrenez antolatu dute eta atzo egin zuten aurkezpena Ibarraundi museoan.

Helburu hauek izango ditu: banakako kirolarien baloreak zabaltzea, herrian giroa sortzea eta kanpotarrei Eskoriatza ezagutaraztea.

Ibilbidearen xehetasunak

Guztira, 21 kilometrotako ibilbidea izango da, gainbehera metatua 2.200 metrotakoa eta goranzko igoera metatua 1.100 metrotakoa.

Atxorrotzeko errekorra

Aurten berrikuntza moduan plazatik zuzenean igoko dira Atxorrotzera; iaz kontrako noranzkoan egin zuten, baina aurten beste apustu bat egin nahian Atxorrotzeko errekorra deitu diotena sortu dute. Hau da, plazatik hasi eta Atxorrotzerainoko bide hori kronometratu egingo zaie korrikalariei eta denbora gutzien egiten duenarendako sari berezi bat egongo da. "Itxura denez, aitzina Eskoriatzan apustuak egiten ziren eta geuk ere hori bultzatu nahi izan dugu. Eta hori herrira zabaltzeko asmotan ere, hurrengo egunetan hasi eta lasterketa egunera arte tabernetan apustuak egiteko aukera egongo da. Euro baten truke denbora bat emango da eta denbora asmatzen duenak edo gehien hurbiltzen denak sari bat eramango du" esan digu Iñaki Uribe-Etxebarria antolatzaileak.

Zerbitzuak

Iaz eskaini zituzten zerbitzuei dagokienez ere, hobetzea nahi izan dute aurten. Iaz dutxak frontoian egon ziren eta aurten kiroldegira joan ahal izango dira, horrela toki gehiago izango dute. Gainera, herri eskolako aparkalekua ere zabalik egongo da bertan aparkatu ahal izateko eta furgoneta eta autokarabanan lo egiteko tokia izango da.

Izen-ematea

Gehienezko partehartzaile kopurua 200 pertsonakoa izango da eta sarean eman daiteke izena helbide honetan: www.eskoriatzagabeztakarraran.com. Parte-hartzaile kopurua ez bada betetzen, egunean bertan izena eman ahal izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak