Betiko umore onaz ospatu ditu Errastik 102 urteak

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko maiatzaren 4a

Egun handia da gaurkoa Bernabe Errasti eskoriatzarrarendako. 102 urte bete ditu gaur; zorioneko dago, beraz. Eguerdian Udaleko eta Olazar jubilatuen elkarteko ordezkariak izan dira bere etxean zorionak ematen eta opariak ere jaso ditu Errastik. "Pozik" zegoela esan digu.

Etxean bisita ugari jaso ditu Bernabe Errastik urtebetetze egunean. Belaunaldi desberdinetako familiartekoak elkartu dira eta herriko lagunen bisitak ere jaso ditu Errastik.


Eguerdian Udaleko eta Olazar jubilatuen elkarteko ordezkariak ere izan dira Errasti zoriontzen eta opari eta guzti joan dira.


Ospakizun handia, baina, zapatuan egingo dute. "Familia guztia elkartuta ospatuko dugu aitaren eguna, hamabost lagun inguru batuko gara" azaldu digu Bernabe Errastiren seme Javierrek. Eta gaineratu digu ez dagoela sekreturik bere aitaren adinera horrelako sasoiarekin iristeko: "Ez dago sekreturik, baina aitak esaten du jubilazioa asmatu zelako hartzen direla urte asko, lehen hil arte lanean egon behar izaten zirelako".


102 urterekin umorerik ez du galdu, gainera, Errastik: "Beti izan da umore onekoa eta esker onekoa, pozik egoten den pertsona horietako da aita" zioen semeak. Azaldu digu, gainera, ospakizun egunean kopa bat ere edango duela eta puro bat ere erreko duela. Urte askoan horrela jarrai dezala Bernabe Errastik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak