Zortzigarrenez
300 soinu-jotzaile eta pandero-jotzailek Eskoriatzako kaleak hartuko dituzte. Goizean, hamaikak inguruan, batuko dira denak modakutxo bat hartzeko. Ondoren, kalejira egingo dute, eta eskola bakoitzak pieza bana joko du plazako agertokian, eguerdira arte. Gero, bazkaria egingo dute. "Bazkalostean, mahaiaren bueltan gure erromeriatxoa egiten dugu. Talde-multzo ezberdinetan aritzen gara, eta ordu eta erdiko saioa egingo da", azaldu digu Jainagak. Arratsalderako, aldiz, nahi dutenendako erromeria antolatu dute. Aurten, Imuntzo eta Belokiren doinuek girotuko dute iluntzea. "Izena duen taldea ekarri gura izaten dugu. Bestetan, Gozategi eta Trikizio taldeak ekarri izan ditugu".
Zortzigarrenez
Hasi euskal musikatik, arin-arin, fandango, biribilketa, porrusalda, trikiti eta euskal folkloreko dantza inguruko piezetaraino –jauziak, esaterako– entzuteko aukera izango da bihar. Eta, nola ez, baita atzerriko doinuak ere: korrido mexikarrak, balsak, polkak… "Euskal soinu-jotzaile berrien abestiak ere izango dira protagonista, Esne Beltzarenak eta antzeko doinu ezagunak, besteak beste, abileziaren arabera", dio. Jainagak azaldu digu trikitiarendako ez dagoela adinik: "8 urterekin hasten dira gazteenak, eta hortik gora trikitiak ez dauka mugarik. 50, 60 eta 70 urtekoren bat ere etorriko da". Perkusioa eta, nola ez, panderoa ere protagonista izango dira bihar: "Txaramela, kriskitinak eta pandero hotsak, noski, denon gozamenerako".
Trikitia osasuntsu
Trikitiak gorabeherak izan dituela kontatu digu Jainagak: "Trikitiak etapa asko eduki ditu. Orain dela 150 urte iritsi zen Euskal Herrira, eta jaitsiera handiena gerra ostean bizi izan zuen, Francoren eta Elizaren jazarpenaren ondorioz, eta kultura zapalketa eta errepresioaren ondorioz, nagusiki". Trikitiak momentu gogorrak bizi izan zituen arren, gizarteko mugimenduei esker aurrera egin duela azaldu digu: "Faktore askok egin dute bat, soinu-jotzaile berriaren jaiotza, trikitiarekiko sormen berria… 90eko hamarkadako boom-ari bultzada eman zitzaion. Kepa Junkerak eta Joseba Tapiak hasita, eskolak sortu zituzten; eta Gozategi, Maixa eta Itziar, Alaitz eta Maider etorri ziren orduan".
Jendeak 10 bat urteko moda zela uste zuena egun indarrez dagoela garbi ikusi da. "Debagoienean ez du behera egin; mantendu egiten da eta batzuetan gora egiten du trikitiarekiko zaletasunak. Inguru honetan trikiti eskolak bete egiten dira; ez, aldiz, errotuta dauden beste instrumentu batzuk: txistuaren eta soinu handiaren kasuan, esaterako". Trikitia oso dinamikoa da, eta instrumentu horrek beste musika batzuekin bateratzen jakin duela azaldu digu; gazteekin bat egitea lortu duela, alegia.
'Elgeta'-ri eskerrak
Elgeta trikitilariak bere garaian iraultza ekarri zuen. Soinutik bizi izan zen lehenengotakoa da. Izan ere, 90eko hamarkadara arte soinu irakaslea ez zen profesionalizatu. "Gerra aurretik baserriz baserri soinua irakasten ibili zen, hortik bizi gura izan zuen, nahiz eta oso sasoi gogorra bizi izan errepresioaren ondorioz. Oso kritikatua izan zen bere bizimodua, baina aurre egitea lortu zuen. Modu txarrean hil zen arren, eskean eta pobre". Jazinto Rivasi, Elgeta-ri, asko zor diogu, hark irakatsi zien-eta Laja, Tapia edo Tolari. Eta, era berean, haiek oraingo generazioari eta egungo irakasleei transmititu diete. Izan ere, guztien aita da", dio Jainagak.
