Domekan Atxorrotz eguna ospatuko dute Eskoriatzan, eta urtero moduan, Atxorrotzera igoera egingo dute, besteak beste. Egitarauan, hala ere, badago berrikuntza nagusi bat: Zu behar zaitut izeneko antzezlana.
Haur desgaituen zein adimen urrikoen bizitza ezagutzeko aukera izango da antzezlanarekin eta Eskoriatzako familia batek sortu du. Familia horretako haur gazteenak, 7 urteko Lorena neskatilatxoak, garun paralisia dauka jaiotzez eta euren esperientzian oinarritutako istorioa kontatuko dute familia horretako amak, Marisol Andradek, eta 10 urteko seme zaharrenak, Unaik.
Hutsunea aisialdian
Antzerkiarekin nahi dute jakitera ematea desgaituen munduan aisialdian, besteak beste, hutsunea dagoela. Izan ere, Andradek esan digu hemen inguruan ez dagoela 0 eta 20 urte bitarteko gazteendako aisialdira zuzendutako elkarterik. Guztia Donostialdean egiten dela eta nahi dutela sortu elkarte bat, garuneko paralisiagatik haur desgaituak edota gabezia psikikoak edo fisikoak dituztenen gurasoei zuzendutakoa, euren kabuz laguntzak lortzeko eta haur horiendako ekintzak antolatu ahal izateko.
Antzerkia haur zein gurasoei dago zuzenduta eta etxeko proiektu sinple bat dela azaldu digu Andradek, eurek egindako ipuintxo bat dela, euren esperientzian oinarritutakoa eta ideiaren batzuk saretik ere hartu dituztela umeengana mezua hobeto heltzeko. Helburu garbia dute antzerkiarekin: euren egoera beste batzuei transmititzea.
Ausardia batu eta hilabete eta erdiko lana jendaurrean egingo dute, beraz, Andrade eta bere seme Unaik domekan arratsaldeko 17:00ean herriko plazan, euria egiten badu frontoian izango da. Eta Andradek herritar guztiak gonbidatu nahi izan ditu antzerkira, bihotzez egindako lana dela esanez.
Ekintza ugari
Eta jakina, herritar guztiak gonbidatuta daude baita ere Atxorrotz egunaren harira antolatu diren beste ekintzetara. Atxorrotzera igoera goizeko 9:30ean egingo dute eta 11:00etan meza izango da. Arratsaldeko 18:00ean, berriz, herritarrek egindako tortillak salgai jarriko dituzte eta Herrixa dantzan ekimena ere egingo dute Jainaga eta Narbaizaren eskutik.