Iñaki Uribetxebarria: "Betidanik erakarri izan naute elurteek, ekaitzek eta horrelako fenomenoek, eta irakurriz zaletu naiz"

Mirian Biteri 2012ko apirilaren 30a

Sistemen informatikako ingeniaria da Iñaki Uribetxebarria (Eskoriatza, 1987). Mendiko lasterketak prestatzen buru-belarri harrapatu dugu, eta kirolaz gain dituen bestelako zaletasunez egin digu berba.

Mendian ordu asko sartzen dituzu. Nondik datorkizu zaletasun hori?

Astean bost egunez mendira joaten naiz; lanean egun osoa jarrita egiten dut, eta haize freskoa hartzeko beharra izaten dut, askatasuna eta lasaitasuna.

Nolatan korrika egiten eta ez ibiltzen?

Lehen, noizean behin, asfaltoan egiten nuen korrika, baina aspergarria iruditzen zitzaidan; orduan, mendira irteten hasi nintzen. Lasterketa batean parte hartu, eta zeharo harrapatu ninduen.

Eskoriatza ona da entrenatzeko?

Eskoriatza eta inguru guztiak oso onak dira mendiko lasterketetarako entrenatzeko; izan ere, edozein lekutara joanda ere, desnibel handia dugu; baditut kostaldeko lagunak inguru hauek asko gustatzen zaizkienak horregatik. Normalean, Atxorrotz inguruan ibiltzen naiz, eta, entrenamendu luzea egin nahi badut, handik Kurtzebarri aldera egiten dut.

Pozik domekan Aloñako igoeran lortutako 8. postuarekin?

Bai; ez nuen inondik inora espero. Azkenaldian, orkatila inguruko lesio dela-eta entrenatu ezinda ibili naiz. Aloñara proba moduan aurkeztu nintzen, eta, lehenengo kilometroetan pixka bat estutu eta ongi nindoala ikusita, aurrera egin nuen. Sekula parte hartu gabekoa nintzen, eta itzuliko naizela uste dut, asko gustatu zait-eta. Zortzigarren postua baino garrantzitsuagoa min barik amaitu izana da. Lehenago ere mendian lasterka ibili arren, iaz hasi nintzen lasterketetan parte hartzen: Anboto eta Peñalarako (Segovia) kilometro bertikalak, Eskoriatzako Gabez Takarraran, Lakuntza-Aralar, Goierri Garaia, Valentzian K25 Trail la Calerona... 

Neguan zeharkaldiko eskia ere praktikatzen duzu, ezta?

Bai; Eskoriatzako lagunekin hainbat lasterketatara joateko ohitura dut. Bereziki, Ezkaraiko San Lorentzora joaten naiz, gertutasunagatik, hara joan, hainbatetan tontorra igo-jaitsi eta arratsalderako etxera itzultzeko aukera ematen duelako. Aurten ere hainbat lasterketatan izan naiz, Port Ainen, Aretten eta Alto Campoon kronoigoerak, eta gero, Altitoy, Andres Regil eta Tajahierro lasterketa luzeagoetan.

Musikazalea ere bazara...

Gustatu bai, baina ez naiz fanatikoa, inondik inora. Egunaren arabera musika bat edo beste bat entzuten dut, eta, talde bat aukeratzekotan, Hertzainak aukeratuko nuke. Bestalde, musika asko erabiltzen dut entrenatzeko gogorik ez dudanean kirola egiteko.

Bestalde, Facebooken 400 lagunetik gora dituzu...

Beste batzuek telebista aurrean ematen dute denbora; nik, ordea, ez dut ikusten. Telebista beharrean, Facebooken sartu eta nire lagunek jarritakoak ikusten pasatzen dut denbora; eta nik ere hainbat gauza jartzen ditut.

Argazki politak dauzkagu han...

Argazkilaritza oso gustuko dut, baina utzita daukat, entrenamenduak eta lasterketak direla-eta denbora faltagatik-edo. Garai baten, edozein lekutara joaten nintzela, kamera aldean eroaten nuen; ea giro hobea dagoenean udaberriko koloreekin berriz ere hartzen dudan.

Eguraldia aipatu duzu. Meteorologiak ere harrapatu zaitu...

Betidanik erakarri izan naute elurteek, ekaitzek eta horrelako fenomenoek, eta liburuak irakurriz zaletu naiz. Askotan begiratzen ditut modelo meteorologikoak, zein eguraldi egingo duen iragarri nahian eta neguan eskiatzeko zein baldintza egongo den jakitearren. Nire ustez, Euskal Herri osoan beste inon baino gehiago interesatzen zaio jendeari eguraldia, ez dakit daukagun klimagatik edo zergatik izango den, baina oso kuriosoa iruditzen zait.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak