Lehen ziklokoek gosari osasuntsuak landu dituzte, eta horretarako, herriko okindegi eta fruta dendetara joan dira, eta ondorioztatu dute saltzen dituzten produktu asko "urrutitik" datozela, eta bidean, ingurumena kutsatzen dutela. Hori dela-eta, dendariei inguruan egiten diren produktuak saltzen bultzatzea eta etiketa gabeko elikagaien jatorria adierazi dezatela eskatu zuten.
Jarraian, 3. eta 4. mailakoek, munduan jaten dena, jakietan gastatzen dena eta janariaren inguruan sortzen den zaborra aztertu dutela azaldu zuten. Udalari hondakin gutxiago sortzen diren produktuak erostera bultzatzea, etxeetara ontzi eta poltsa berrerabilgarriak bidaltzea, lurralde txiroetara janari bidaltzeko kanpaina egitea eta horiendako diru partida sortzea proposatu zioten. Bestalde, 5. eta 6. mailakoek jaten duguna sasoikoa den aztertzeko hainbat ortu bisitatu ostean, udalbatzari honakoa eskatu zioten: sasoiko produktuak erostera bultzatzea, baserritarrei dirulaguntzak ematea eta hilean behin azoka egitea.
Nekazaritzarako lur gehiago
DBH 1. mailakoek elikadura burujabetza kontzeptua landu dute. Lurren erabilpena aztertu dute, horretarako 1.954 eta 1.983 urteetako ortofotoak alderatuz. Egungo egoeraren berri jasotzeko ibilbidea ere egin dute, eta ondorioztatu dute eraikuntzari lehentasuna ematen zaiola. Horren aurrean, nekazaritzarako lur eremu gehiago sortzea proposatu zuten. 3. mailakoek, ostera, elikadura burujabetzarekin batera, segurtasuna jorratu dute. Baserria bisitatu eta naturarekin bat doan nekazaritza zertan datzan ikusi ostean, Eskoriatzan kontsumo taldeak bultzatu daitezela eskatu zuten.
Beñat Herce alkateak jakinarazi zien iaz zarata gaiaren harira egindako proposamen gehienak izango dituztela kontuan. Besteak beste, autoen abiadura murrizte aldera, zebra-bide altuak jarriko dituztela azaldu zien. Dorletatik pasatzen den bidegorrian dauden babes gardenetan txoriak ipiniko dituztela ere esan zuen.