Udalbatza erlijioei Ogasun Higiezinen Zergaren salbuespena kentzearen aldekoa da

Mirian Biteri 2012ko apirilaren 23a

Egueneko osoko bilkuran, Ezker Anitza taldeak erlijioei Ogasun Higiezinen Zergaren (OHZ) salbuespena kentzeko aurkeztutako mozioa onartu egin zuen udalbatzak. 

Bozkatzerakoan adostasuna ez zen erabatekoa izan, eta zinegotzi bakoitzak pertsonalki bozkatu zuen: Mozioak Beñat Herce eta Jose Angel Petralanda (Bildu), Jose Luis Cantero (PSE-EE) eta Juan Luis Merinoren (Ezker Anitza) aldeko botoa jaso zuen; Arantza Iregi eta Jose Mari Herceren (Bildu) kontrakoa; eta Itziar Martinez (Bildu), eta Iñaki Madinabeitia eta Iker Akizuren (Elizateak) abstentzioa.

Mozioak lau proposamen ditu. Batetik, Udalak Espainiako Gobernuari eta Batzar Nagusiei eskatzen die Toki Ogasunen Legetik eta Ondasun Higiezinen Zerga arautzen duen Foru Arautik esandako zergaren salbuespena kentzea eliza katolikoari eta gainerako erlijioei.

Bigarrenik, eliza katolikoaren eta beste erlijio eta horien kideko erakundeen eta elkarteen izenean Eskoriatzan erroldatuta eta erregistratuta dauden hiri eta landa ondasun higiezinen errolda egitea onartu zen.   

Hirugarrenik, Espainiako Estatuak Vatikanoarekin dituen hitzarmenak, bereziki gai ekonomikoenak, indargabetzeko eskatzen dio Espainiako legebiltzarrari. Aldi berean, eliza katolikoa autofinantzatzera behartzea proposatzen du, eta horrenbestez, errenta-aitorpenenetik eliza katolikoari laguntza emateko laukitxoa kentzea.

Azkenik, eliza katolikoak eta beste hainbat erakunde juridikok OHZren eta beste hainbat zergetan salbuespenak izan ez ditzaten, legeetan dagozkion aldaketak egitea eskatu die Gorte Nagusiei.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak