Bigarren errepublikaren 81. urteurrenaren harira, garai hartako kartelen erakusketa antolatu dute Ezker Anitzak eta FIM-k (Fundacion de Investigaciones Marxistas), Eskoriatzako Udalaren laguntzarekin. Garai hartan askotariko 2.000 karteletik gora inprimatu ziren eta horietako batzuk batu dituzte erakusketa honetan. Helburua da garai hura irudi bidez gogora ekartzea.
Hilaren 29ra arte izango da horretarako aukera honako ordutegian: astelehenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:00etara; eta zapatu eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Kartelak propagandarako
Errusiako Iraultzan eta Lehen Mundu Gerran hasi ziren kartelak propaganda bezala erabiltzen, eta Espainiako Gerran ikaragarri erabili zen metodo hori (2.000 karteletik gora inprimatu ziren).
Erakusketako kartelek, baina, ez dute gerra bakarrik islatzen; egunerokotasuna eta garai hartako gertakizunak ere adierazten dituzte. Errepublikaren porrotaren ostean, erabat desagertu egin ziren kartelak.