Literatura Topaketa Huhezin

Goiatz Arana Begiristain 2012ko apirilaren 24a

Bere tradizioari jarraituz, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak Literatura Topaketa antolatu du, 13. ediziora ailegatuz. Iaztik, egun bakarreko mintegi edo topaketa bihurtu da eta hala izango da aurten ere, gaur, martitzena, 09:30ean hasita. 'Haur Literatura: Helduentzako Literatura' izenburua jarri diote aurtengo edizioari; aspaldi buruan zerabilten gaia da.

Zuzenean jarrai dezakezue MUtelebistaren streaming bidez.

Egitaraua

  • 09:30 Juan Kruz Igerabide (idazlea eta irakaslea): Bizirik irauteko literatura. Haur Literaturan datzan bizitzarako jakintzarako eta pertsonaren eraikuntzarako bidea azalduko du Igerabidek, topaketen gaia kokatzeko.
  • 10:30 Eider Eibar (ilustratzailea): Marrazki bizia, irudiaren "hizkuntzara" hurbiltzeko.
  • 11:30 Kafea.
  • 12:00 Yolanda Arrieta (idazlea eta irakaslea): Iruditik hitzera. Literaturaren baliabideak ezagutzeko tailer-bilduma saioan tailerrak egingo ditu literatura modu bibentzialean ezagutu eta ezagutarazteko.
  • 13:30 Bazkaria.
  • 15:00 Pello Añorga (idazle eta ipuin kontalaria): Haur ipuinak helduentzat: helduak izatera heltzeko saioan ipuin kontaketa egingo du, topaketen espiritua ardatz.

Nondik dator izenburua?

Antolatzaileek hiru ideia azpimarratu dituzte aurtengo ediziorako aukeratutako izenburua nondik datorren azaltzeko:

  1. "Haurtzaroan egiten diren irakurketek nolabaiteko immanentzia dute eta gure ametsezkoan itsatsirik geratzen dira. Haurtzaroko ipuin, poesia, kantu, irudi-ilustrazioak…  gure haurtzaroko elikadura ez ezik, nerabezarorako zubi dira; are gehiago, gure helduaroan ere hor daude oihartzun horiek".
  2. "Badugu ustea Haur Literatura bizitzako gertaeren agertoki dela, bertan daudela agertuta modu sinbolikoan gizakiari dagozkion esperientziak, bizipenak, beldurrak, galderak. Eta zentzu horretan, erabateko zilegitasuna du Haur Literaturak helduaroan".
  3. "Hirugarrenik, ez dugu aipatu gabe utzi nahi Haur Literaturak duen estetika, bai hitzezkoa eta bai irudizkoa ere. Irudi eta hitzen arteko elkarrizketak haur, nerabe eta helduen gozamena eta bizitzarako ikaskuntza ematen ditu".

AZK taldeak egin du kartela eta horrela azaldu du Juan Luis Azkaratek Iñigo Urrutiaren exekuzioa: "Kartelak azaltzen du Haur-Heldu Literaturaren bidegurutze horretan nola bizitza osoan zehar irakurketak kateatzen joaten garen. Teo-ren ipuinetatik hasi, eta Alice, The Petit Prince, Mary Popins… eta horrelako klasiko denborazkanpokoak barne".

Etorkizuneko irakasle, aholkulari edota ikus-entzunezko profesionalak izateko profila dute Huheziko ikasleek. Topaketen helburua da "euren ni-a elikatzeaz eta aberasteaz gain, alderdi profesionalean janztea eta sendotzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak