Jose Enekotegi izango da Olazarko presidente berria

Mirian Biteri 2012ko apirilaren 4a

Aldaketak daude Olazar erretiratuen elkartean. Egubakoitzean egindako urteko batzarrean, besteak beste, zuzendaritza batzordea aldatzea erabaki zuten horretan parte hartu zuten 37 bazkideek; denera, 645 bazkide ditu gaur egun Olazarrek. Jose Enegotegik ordezkatuko du hemendik aurrera Txomin Azpitarte presidentea.


Jose Juan Zubizarretak, ostera, presidenteordearen kargua hartuko du; Leo Herrera idazkaritzaz arduratuko da eta Jasone Orbegozok diruzaina izaten jarraituko du. Lau bokal ere izango ditu zuzendaritza berriak: hain justu, Jose Luis Landa, Ana Jesus Navaridas, Elias Gomez eta Maria Jesus Uribe.

 

Batzar berean, joan den urteko ikasturteari buruzko balorazioa egin zuen irtetear dagoen zuzendaritzak. Pozik azaldu ziren partaideak, kontuak "ondo" irten direlako; elkarteak 52.000 euroko sarrerak izan zituen eta gastuak, ostera, 51.000 euro izan ziren. Hortaz, 1.000 euroko superabitarekin amaitu zuten urtea. 

 

Egueneko bingoa

 

Gastuei dagokionez, azaldu zuten sukalde zerbitzuak 600 euroko defizita izan zuela; denera, urte osoan, 140 zerbitzu eskaini zirela ere jakinarazi zuten. Horretan gas naturala sartu eta segurtasun neurriak jartzeko asmoari buruz, ere egin zuten berba. Atzerapenarekin bada ere, hori egiteko asmoa dagoela esan zuten. Bestalde, nabarmendu nahi izan zuten urte osoan antolatutako ikastaroetan oso lagun gutxik parte hartu zutela; zortzi eta hamar lagun artean. Antolatzen diren bidaietarako autobusa betetzea ere oso zaila dela adierazi zuten. Harrera onena duten ekitaldiak iraileko bazkaria, sanpedroetako merienda  eta astero eguenetan egiten den bingoa direla aipatu zuten. 

 

Olazarrendako himnoa 

 

Aurten egitekoak diren ekintzen gainean, elkarteak aurten 25 urte betetzen dituela eta, horren harira, antolatutako ekintzak nabarmendu zituzten: ekainaren 14an egingo den bazkaria eta Juan Carlos Irizar Olazar elkarterako egiten dabilen himnoa. Bada, horretaz eta beste hainbat ekintzaz arduratuko da zuzendaritza berria.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak