Hilaren 20ra arte ikusi daitezke margo lehiaketara aurkeztutako lanak museoan

Mirian Biteri 2012ko apirilaren 2a

Atzo egindako Eskoriatzako Aire Libreko VI. Margo Lehiaketako irabazle Antton Urreisti eta gainerako parte-hartzaileen lanak ikusi daitezke egunotan Ibarraundi museoan.

Gaurtik eguaztenera eta apirilaren 10etik 20era bitartean honako ordutegian bisitatu ahal izango da astelehenetik egubakoitzera: 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Aste Santuko egunetan museoa itxita egongo da.
 Aurtengo lehiaketan 20 margolarik parte hartu dute: hain justu ere, bederatzi 16 urtetik beherako neska-mutikoek; eta 11 heldu. Joan den urteko parte-hartzaile kopuruak zertxobait behera egin badu ere [2011an 26 artista aurkeztu ziren], "kalitate handiko" lanak jaso zituztela azpimarratu dute epaimahaiko kideek. Ibilbide luzea duten lau margolarik osatu zuten epaimahai hori. 
Herri guneko txoko esanguratsuak aukeratu zituzten parte-hartzaile gehienek, hala nola, plaza, Jose Arana eta Gaztañadui kaleak, eta baita Ibarraundi museoa ere.

500 euro Mendarora

Mendarora joan zen lehen sarira: Hango Antton Urreistik lortu zituen lehen sariko 500 euroak. Bigarren, Astrabuduako Jose Migel Arranz izan zen, eta hirugarren, ostera, Leioako Piedad Santamaria. Arranzek 250 euro irabazi zituen, eta Santamariak, ostera, 150 euro. Gaztetxoen sailean, Laura Martin eskoriatzarrak irabazi zuen; bigarren, Sara Zurutuza eta hirugarren, Maite Martin eskoriatzarrak izan ziren. Hirurek pintatzeko materiala jaso zuten sari moduan. 
Apirilaren 23tik lanak jaso
Esan bezala, hilaren 20era arte egongo da horren gaineko erakusketa zabalik; Udaletik jakinarazi dute apirilaren 23tik maiatzaren 29ra bitartean, margolanak jaso ahal izango dituztela margolariek. Horren harira, ohartarazi dute epe horretan jasotzen ez diren lanak antolatzaileen eskuetan geratuko direla.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak