Degurixa, Kargaleku, Leixargarate eta Alabita inguruneen izenen lehenengo hitzak batu eta horiekin Dekala elkarte berria osatzekotan dabiltza Eskoriatzan. Dagoeneko bidali dute Jaurlaritzara elkarte moduan erregistratzeko dokumentazioa, eta haren erantzunaren zain daude orain talde horretako partaideak.
Gipuzkoako Diputazioak udalerriko bideak berregituratzeko eta mendi batzuen erabilera ere berriro planteatzeko asmoa zuela jakin zuten Eskoriatzan orain dela hainbat urte. Aizkorri-Aratz parke naturala ere sortu da azken urteotan, eta bi gertaera horiekin kezkatuta, hainbat eskoriatzar batu dira eta elkarrekin lanean hastea erabaki dutela jakinarazi digu Bolibar elizateko Mikel Ortuetak: "Elkartea sortzekotan gabiltza Degurixa, Kargaleku, Leixargarate eta Alabita inguruneetako mendiak, bideak, horietan dauden abereak eta horrelakoak kontrolatzeko eta hobetzeko".
Dagoeneko 27 kide
Dagoeneko hamabi bat batzar egin dituzte; azkena joan den eguen arratsaldean egin zuten. Ingurune horietan lursailak eta abereak dituztenek egin zituzten hasierako bultzatzaile lanak; Bolibar eta Mendiola elizateetako eta Lete auzokoak badira ere, Mazmelako eta bestelako elizateetako eta Eskoriatzatik kanpo bizi diren jabeak ere badaudela azaldu digu Ortuetak. Denborarekin, beste hainbat arloko eskoriatzarrak ere gehitu direla gaineratu digu hark. Denera, 27 bazkide ditu gaur egun elkarteak, kaltetutako lurjabeak, ganadua lur horietan izaten dutenak, txabola jabe, ehiztari eta mendizaleak batuta.
Horren harira, eskoriatzarrak nabarmendu gura izan du elkartearen ateak "irekita" dituztela, eta hortaz, gura duen edozeinek eman dezakeela izena. Interesa dutenak Ortueta berarekin jarri behar dira harremanetan, 649 05 17 35 telefono zenbakira deituta.
Kudeaketa baikorra, produktiboa, arrazionala, jasangarria eta ingurunearekin errespetuzkoa bermatzea da asmoa; hori da, hain zuzen ere, sentiberatasun desberdineko eta behar ezberdinetako bazkideak egotearen arrazoi nagusienetakoa. Orain proiektua lantzen dabiltza, eta bakoitzaren lanak banatzen.
Horren harira, honakoa gaineratu du Bolibar elizatekoak: "Bideekin zerikusia duena konpondu nahi dugu; eta horrekin lotuta, esan beharra dago zona bakoitzak berea konpontzen duela; horretaz gainera, ehizarako araudi bat ezarri, aberearendako bazkalekuak hobetu eta horrelako gauzak egin nahi ditugu".
Dirulaguntzak
Hori guztia egiteko, dena dela, dirulaguntzak behar dituzte, eta arlo horretan ere lan egiten hasi direla dio: "Lan potoloenak egiteko dirulaguntzak behar ditugu, gure baliabideak ez dira-eta oso handiak". Udala proiektuan sartuta dagoela eta, ahal duen neurrian, laguntzeko gertu dagoela azpimarratu du Ortuetak. Lan egiteko gogorik ez da falta elkarte berri horretan.