Lagun giroa III. Kenpo Txapelketan

Mirari Altube Arrese 2012ko martxoaren 25a

Zapatuan jokatu ziren Eskoriatzako Manuel Muñoz kiroldegian Gipuzkoako eta Euskal Herriko kenpo txapelketak. Eskoriatzako eskolako jokalariak eta Oiartzungo Kenpo Kai eskolakoek jardun zuten norgehiagokan, 120 bat kide guztira.

Uste baino jokalari gutxiago elkartu ziren antolatzaileen esanetan: "Asko daude min hartuta eta azken orduan ez dute etortzerik izan". Hala ere 120 bat elkartu ziren eta giro bikaina sortu zuten. Norgehiagoka biziak jokatu zituzten elkarren artean: "Gure jokatzeko era eta Oiartzungoena apur bat ezberdina da, teknika ezberdinak erabiltzen ditugulako", jakinarazi zuen Iker Letona jokalari arrasatearrak. Hiru tatami edo gunetan banatuta jardun zuten: lehenengoan, gaztetxoak eta hurrengo bietan helduak. Kata edo kenpo tekniken erakustaldiarekin hasi zuten txapelketa; gero defentsa pertsonaleko tekniken erakustaldia; eta bukatzeko borrokak egin zituzten. Bi eratako borrokak: ukipenekoak –ukituz gero bukatzen direnak– eta erdi-kontaktuzkoak –geratu bako borrokak–. "Eskoriatzako eskolakoak borrokan oso ondo ibili gara, gure espezializatea dela esango nuke. Kata eta defentsa pertsonalean ostera, ez gara hain ondo moldatu", jakinarazi zuen Letonak. Izan ere, Kenpo Kai taldeko kideak datorren astean Europako txapelketa jokatzera joango dira Estrasburgora eta ondo entrenatuta etorri ziren: "Denbora luzean dabiltza hori prestatzen eta igarri egin da". Hala ere, hainbatek ere jaso zituzten garaikurrak, tartean Josu Letona, Iñaki Zubillaga, Jose Luis Maqueda, eta Carla Zabala helduek eta Mikel Galvez eta Nahia Pascual gaztetxoek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak