Ezker Anitzak Eskoriatzako Udalean aurkeztu duen mozioaren bidez, Udalbatzak onartu du hiri hondakinen %70 birziklatzeko neurriak har ditzala Udalak eta hori lortzeko moduaz erabakitzeko herritarren parte hartzea bultzatzea. Juan Luis Merino zinegotziak zera esan du: "Hiri hondakinen gaineko informazio egiazko, garden eta osoa zabaldu behar da; baita hiri hondakinak batzearen gainekoa eta errauskailuak osasunari eta ingurumenari egin diezaioketen arriskuen gainekoa ere".
Ahalik eta gehien birziklatu
Ezker Anitzak hedabideetara igorritako oharrean irakur daiteke, gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundia eta lurraldeko hainbat udal aurreko agintaldiko hiri hondakinen planifikazioa berrikusten dabiltzala. Eta kudeaketa plan horiek errauskailua dutela oinarri. Eskoriatzako Ezker Anitzeko zinegotzi Merionok dio, hiri hondakinen arazoa modu jasangarrian konpontzeko, "hondakin gutxiago sortu" behar dela eta "batze prozesu egokiaren bidez, ahalik eta gehien birziklatu" behar dela, "gaur egun baino gehiago".
Eusko Jaurlaritzari eskaria
Eskoriatzan egubakoitzean onartu zuten mozioan, Udalak hartu du konpromisoa aintzat hartzeko herritarren parte hartze prozesuaren ostean erabakitzen dena. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio mozioan Enbalatzearen Legea egin dezala, hiri hondakinak jatorrian murrizteko eta hainbat produkturen enbalatzea saihesteko.