Euskal Herri osoko 19 euskarazko tokiko hedabidetako (tartean Goienako) ordezkariek aho batez onartu dituzte goizean Eskoriatzan egindako batzar eratzailean Tokikom elkartearen estatutuak. Hala, besteak beste onartu dute sozietate mugatu izaera izango duela erakundeak, eta hasierako kapitala, 25.000 eurokoa izango dela. Egoitza Andoainen izango du Tokikomek, Topagunearen leku berean.
Mikel Irizarrek, Tokikomen eratze prozesuan aholkulari lanetan ibili denak esan du behin elkartea ofizialki eratuta, apirilean antolaketa zehazteko lanari ekingo diotela, eta maiatzetik aurrera operatibo egotea dela asmoa, besteak beste esparru komunak kudeatuz (esaterako, publizitatea), solaskidetza bultzatuz eta integrazio funtzionala landuz. Toki hedabideen azpisektorea indartzeko asmoa azaldu du irizarrek, baita euskal hedabideen sektorean eragile izatekoa ere.
Irizarren esanetan, euskarazko tokiko hedabideen kontsumitzaileek ere nabarituko dute Tokikom eratu izana: "Gutxienez toki hedabideek jarraituko dutela nabarituko dute; Tokikomen egitekoetako bat da toki hedabide gehiago ez istea, ez behintzat ezintasunagatik".
Tokiko kontzeptua irekitzea ere ekarriko du Tokikomek Irizarren iritziz, interesak herrietara murriztu beharrean, eskualdeetara zabalduz esaterako.
Hedatzen joateko asmoa
Momentuz 19 hedabide daude Tokikom barruan, baina asmoa da Topaguneko gainerako hedabideek ere bat egitea ekimenarekin, baita Topagunetik kanpo dauden euskarazko beste toki hedabideek ere.