Zer da Uraren bideak?
Azken bi urteetan egin ditugun ekintzetan lortutako emaitzak erakutsi gura ditugu. Bideoak eta erretratuak erakutsiko ditugu. Urte emankorrak izan dira: ia lau kilometro galeria berri topatu ditugu, hartz baten hezurdura...
Non egin dituzue aurkikuntzak ?
Gure ekintzak Oñati, Arrasate eta Aretxabaleta inguruetan egin ditugu. Leku aberatsak dira, eta ezagutu bako toki asko dituzte oraindik.
Zer egiten duzue espeleologian?
Lehenengo urratsa lekuak edo gauzak topatzea da; hau da, behatu egiten dugu. Dena den, ez da erraza leku berriak topatzea. Bestalde, aspaldi esploratu ziren zuloetara bueltatzen gara, oraingo teknikekin beste zerbait topatzen dugun ikustera.
Sifoietan urpean igeri egiten duzue.
Espeleologiaren beste urrats bat da. Nik hiru daramat urpean igeri egiten. Galeriak esploratzen gaudenean, puntu batera helduta, aurrera egiteko, urpean ibili behar dugu. Bestela, galeria noraino heltzen den, edo bestaldean zer dagoen jakin barik geratuko ginateke.
13 urte daramazu espeleologia egiten. Zer dauka?
Behin probatu ezkero, engantxatu egiten du. Espeleologiak alor asko ditu: zientifikoa, kirola arloa, turistikoa, artistikoa eta esplorazioa. Azken horrek engantxatu nau: inork zapaldu ez dituen leku berriak topatu. Gainera, askotan, leku horiek etxetik gertu daude. Aizkorri, Kurtzeberri eta Udalaitz inguruetan leku asko daude. AMETek eta Besaidek urte emankorrak izan zituzten, eta lan handia egin zuten. Baina, egun dauden teknika berriekin, gauza askoz gehiago topatzeko esperantza daukat.
Kirol fisikoa da?
Kirola denik ez nuke esango, lehiaketarik ez delako jokatzen. Gainera, ikuskizunik ez dagoenez, dirurik ere ez du ematen, baina, gizarteri asko ematen dio espeleologiak: egiten diren ikerketak, aurkikuntzak...
Espeleologian ibiltzeko lan egiteko gogoa eta konpromisoa behar dira, norberak duen adina kontuan izan barik. Gazte zein heldu izan, dedikazioa eskatzen du espeleologiak.
Gero norberak lortu gura dituen helburuen arabera, fisikoa eta beste arlo batzuk landu behar dira.
Dedikazioa eta lanerako gogoa aipatu dituzu. Zaila da konprometitutako pertsonak topatzea?
Espeleologia ez da futbola. AMET eta Besaide taldeetan gazte gutxi gaude. Ikasketak eta lanak ordu asko hartzen die gazteei, eta aisialdian galeria baten sartzeko, lanerako gogo handia eduki behar da. Oñatiko eta Arrasateko espeleologia taldeetan dauden kideek lan handia egin dute eta egiten dute. Egia esan, jende berria eskertuko genuke. Norbait animatzen bada...
Zuk lan egiten duzu, baina badaukazu denbora espeleologiarako.
Bai, eta denbora daukat Eskoriatzako saskibaloi taldea entrenatzeko ere. Neskak entrenatzeko engainatu ninduten [barreak]. Egia esan, saskibaloia gustuko dut, eta oraindik ordu batzuk libre ditut astean zehar.
Frantziarra zara eta Eskoriatzako baserri batean bizi zara. Konbinazio bitxia.
Grenoble aldekoa naiz, Alpeen inguruan bizi nintzen, eta Debagoienera heldu nintzenean, aproposa iruditu zitzaidan baserri baten bizitzea. Oso gustura nago.
Espeleologiaren kontura, asko bidaiatu duzu?
Mexikon, Georgian, Kretan, Laosen egon naiz... baina orain etxe inguruan nabil.