Euskarazko hedabide lokalek Tokikom elkartea sortuko dute bihar Eskoriatzan

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko martxoaren 16a

Tokikom elkarteak eratze batzarra egingo du zapatuan Huhezin, Muren Eskoriatzako fakultatean. Bertara batuko dira Euskal Herriko tokian tokiko euskarazko hedabide edo komunikazio enpresa gehienak. Horien artean, jakina, Goiena komunikazio taldea ere bai.

Zer da, baina, Tokikom? Berez, orain arte izan da Topagunean dauden euskarazko hedabideak identifikatzeko marka bateratu bat, irudi bat. Albiste agregatzailea ere bai, tokiko informazioa batu eta zabaltzen duena. Aurrerantzean, jauzi bat egingo du eta sozietate bihurtuko da.

Krisi ekonomiko global gogor honi, eta, partikularki, hedabideak, izan euskarazkoak zein beste hizkuntzazkoak, eta izan tokikoak zein globalak, bizi duten krisiari elkarrekin aurre egiten lagunduko duen elkarte komuna izan nahi du Tokikomek.

Publizitatea elkarrekin kudeatu bai, baina harago joan nahi du: besteak beste, ahots bakarra izateko sortuko da. Ahots bakarra, erakundeen aurrean, zein beste eragile batzuen aurrean.

Estrategia komunak

Eta estrategia komunak bideratuko ditu. Orainari eta etorkizunari, ziurgabetasun une hauetan, hobeto erantzuteko. Eta sektorearen gaineko, eta, oro har, hedabideen eta euskarazko hedabideen gaineko hausnarketa estrategikoak bultzatuko ditu.

Goiena ere bai

Eratze batzarra, esan bezala, Huhezin egingo da, 11:00etatik aurrera. Han izango da Goiena komunikazio taldea, sorreratik, Tokikoren alde apustu egin duena.

Mikel Irizar bultzagile

Han izango dira, era berean, Euskal Herriko tokian tokiko euskarazko hedabideak. Eta baita Topaguneako ordezkariak ere, Mikel Irizar buru dela. Izan ere, Goienako sortzaile eta lehen zuzendari nagusi izandakoa baita Topaguneko presidente berria eta Tokikomen bultzagile nagusietakoa.

Helburu nagusiak

  • Esparru komunak eraiki eta kudeatu: publizitatea, ekoizpena, teknologia, trebakuntza, barne komunikazioa...
  • Solaskidetza sendoa landu euskarazko hedabideen sektorearekin eta erakundeekin.
  • Integrazio posiblearen zirriborroa egin, eztabaida bideratu eta adostasuna eragin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak