Ohiko larrialdien aurrean nola jokatu irakatsiko dute DYAkoek

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko martxoaren 13a

Dohaineko hitzaldia antolatu dute martxoaren 27rako, Eskoriatzan. Ekitaldi parte-hartzailea izatea nahi dute eta horretarako joango diren herritarren testigantzak jaso nahi dituzte.

Ohiko larrialdien aurrean nola jokatu irakasteko hitzaldia antolatu du DYAk martxoaren 27rako, Eskoriatzan.  18:30etik 20:30era bitartean izango da, kultura etxean eta eduki teorikoarekin batera, ekitaldia parte-hartzailea izatea ere nahi dute antolatzaileek. Horretarako, hitzaldira joango diren herritarren testigantzak jaso nahi dituzte eta baita guztien artean mahai-ingurua antolatu ere. Edozein argibidetarako 943 46 46 22 telefono zenbakira dei daiteke edo irakaskuntza.eskola@DYAgipuzkoa.com helbidera idatzi.

35 urtetik gora urgentziak artatzen

DYAko kideek 35 urtetik gora daramate urgentziak artatzen eta urteotako esperientzian oinarrituta, diote zaintza dela gako nagusiena istripuak gutxitzeko eta gaixotasunak saihesteko. Hori aintzat hartuta, 2009. urtetik hona Gipuzkoako DYAko Irakaskuntza Eskolak herritarrei zuzendutako proiektu batekin dihardu, dohaineko hitzaldietan oinarritutakoa, hala nola, bularreko minbiziaren gaineko hitzaldiak, elikadura eta haren asalduren gainekoak, haurdunaldiko zaintzen gainekoak…

Bada, 2012an barrena, ohiko larrialdien aurrean nola jokatu aukeratu dute gai gisa eta modu horretan herritarrei oinarrizko ezaguera batzuk irakatsi nahi dizkiete larrialdi egoeretan nola jokatu behar duten, egoera horiei nola aurre egin behar dieten eta nola konpondu behar dituzten erakusteko. Halako egoeretan, esaterako: konortea galtzen denean, bularreko mina zein konbultsioak daudenean, zauriak eta traumatismoak eta erredurak gertatzen direnean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak