Oihana Kortazar mendiko lasterkaria egongo da gaur Huhezin

Mirian Biteri 2012ko martxoaren 12a

Gaurtik domekara bitartean lehenengo Mendi Astea egingo du Mondragon Unibertsitateko Kirol Zerbitzuak Eskoriatzan, Huhezi fakultatean. Gaur bertan hasiko dira ekintzak, Salomon Santiveri Outdoor Team taldeko Elgetako Oihana Kortazar eta Amezketako Iker Karrera puntako mendiko lasterkarien solasaldia izango da, 19:00etan. Mendia: lasterketak eta ultra trailak du izena berbaldiak.

Bihar, martitzenean, ostera, mendi irteera egiteko asmoa dute. Hain justu ere, Kurtzebarrira igoko dira, eta 09:30ean egin dute horretarako hitzordua, fakultatean.

Bestalde, etzi, eguaztena, Alex Txikon mendizalearen Aizkora hotsak goi mendietan ikus- entzunezkoa ikusteko aukera egongo da ordu berean, Bideografik produkzio-etxearen eskutik. Dokumentalaren aurkezpenarekin batera, espedizio eta grabaketaren inguruko solasaldia izango da.

Ikus-entzunezko horretan Txikonek, Xabier Errok eta Ernesto Ezpeletak Bihurrik Gernikatik Pakistanera furgonetan egindako bidaia kontatzen da. Bidaiaren helburua Felix Iñurrategi Fundazioari auto bat dohaintzan ematea da.

Euskal kultura Pakistanen

Bidaian zehar euskal kulturaren zatitxo bat erakutsi nahi izan dute Pakistanen, eta horretarako bi aizkora erakustaldi egin dituzte han. Horretaz gainera, Alex Txikon, abentura honen bigarren partean, 8.000 metro baino gehiagoko Gashenbrun 1, Gashenbrun 2 eta K2 mendien tontorretara abiatuko da. Gasteizko Mendifilm Festivalen euskarazko filmarik onenaren saria jaso du 65 minutuko iraupena duen ikus-entzunezko horrek.

Atxorrotz

Bestalde, eguenean, bigarren mendi irteera egiteko asmoa dute Mondragon Unibertsitatekoek. Debagoiendar eta bereziki eskoriatzarrendako esanguratsua den mendira igoko dira egun horretan: hain justu ere, Atxorrotzera joango dira. Irteera hori arratsaldez egingo dute; 15:00etan abiatuko dira unibertsitatetik.

Mendi Asteari amaiera borobila emateko, egubakoitzetik domekara bitartean eski irteera gertatu dute. Frantziako St Lary estazioan emango dute asteburu osoa.

Ekintzak debalde

Mondragon Unibertsitatetik jakinarazi dute eski irteera izan ezik, gainerako ekintza guztiak debaldekoak izango direla, eta antolaketa egokia izan dadin, horietan parte hartu gura duen edonork asistentzia konfirmatu beharko duela 943 71 20 33 telefono zenbakian edo posta elektroniko bidez, kirolak.huhezi@mondragon.edu helbidera mezua bidalita.

Horrekin batera, nabarmendu gura izan dute astelehen eta eguazteneko solasaldiak irekiak direla, eta martitzeneko zein egueneko mendi nahiz eski irteerak, aldiz, Mondragon Unibertsitateko komunitateari zuzenduta daudela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak