Taldekide eta kontakizun berria aurkeztuko dute gaur Zast! taldekoek

Mirian Biteri 2012ko martxoaren 2a

Eingeinkek eta Aitzorrotzek antolatuta, helduendako kontakizun musikatua eskainiko dute Zast! taldekoek gaur gauean, Ibarraundi museoan. Emanaldia 22:30ean hasiko da.

Berrikuntzekin dator gaur gauean, Ibarraundi museoan Zast! taldeak eskaini behar duen helduendako kontakizun musikatuen emanaldia. Batetik, taldekide berria taularatuko da ; hain justu ere, Leire Elustondo piano jole ermuarra.

Kide berri honekin horrela geratzen da orain taldea: Martin Antxia perkusioan, Maialen Arratibel gitarran eta ahotsetan, Leire Elustondo pianoan eta ahotsetan, Iñaki San Migel klarinetean, Beñat Zamalloa narratzaile eta Eñaut Zubizarreta txeloan ibiliko dira. Elustondorena ez azkenaldian taldean sartu den kide bakarra; Arrasaten emandako emanaldian San Migel gasteiztarra aurkeztu zuten-eta.

Lau kontakizun berri

Esan bezala, ez da berrikuntza bakarra izango. Horren harira, Beñat Zamalloa aretxabaletarrak azpimarratu du orain arte aurkeztutako kontakizun guztiak berridatzi eta berritu dituztela. Horretaz gainera, jakinarazi du lau kontakizun berri ere badituztela esku artean. Honakoa dio aretxabaletarrak: "Kontakizun musikatu berria aurkeztuko dugu, eta Maialen Arratibel eta Leire Elustondok abesti bat eskainiko dute".

Ikuskizunaren egituran ere aldaketak daudela iragarri du; horren harira, jakinarazi du horretarako entseatzen eta horiek grabatzen ibili direla azken asteotan, emanaldia ahalik eta ondoen irten dadin. Onena da gaur gauean Eingeinke eta Aitzorrotz elkarteek antolatutako ekimena ikustera joatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak