Erakusketa horren bidez zaborrez gainezka dagoen "amildegian" ez erortzeko bide alternatiboak gertutik ezagutzeko aukera izango dute datozen egunotan museora hurbiltzen direnek; horretarako, zazpi ataletan dago hori banatuta, eta bakoitzean prebentzioaren eta berrerabilpenaren alderdi bat lantzen da.
Honakoak dira jorratutako modulu tematikoak: Ur zirkuituak: iturriko ura, gal ezin dezakezun aukera; diseinuzko tratamenduak: ekodiseinua; kontrasteen eremua: soberan hemen, faltan han; terapia miragarriak: hale hop, bihur zaitez konpost; berpiztua irteteko: murriztu, konpondu, berrerabili, ...; hondakinterapia: hobe ez zikintzea; eta azken zirkuitua: pentsatu egin aurretik.
Ikastetxeendako bisitak
Ibarraunditik jakinarazi digute erakusketa horren harira, eskoriatzar guztiendako bisita gidatuak antolatzeko asmoa dutela, eta bi zatitan dituztela horiek banatuta. Alde batetik, ikastetxeendako bisitak daude; egunero eskola ordutegian egingo dituztenak. Fitxa eta ariketen bidez Gipuzkoan egin diren kanpainak ezagutarazi eta hondakin gutxiago sortzearen garrantzia azalduko zaie, besteak beste, herriko gaztetxoei.Bestetik, interesa duen edozeinendako bi bisita gidatu egitea ere aurreikusi dute martxoaren 7an eta 14an, 18:00etan. Ibarraunditik aipatu dute ez dela izenik eman behar aurretik.
Ordutegia
Erakusketa martxoaren 15era arte egongo da zabalik museoan, ohiko ordutegian: hain justu, astelehenetik egubakoitzera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.