Udal funtzionamenduan Bilduk duen jarrera salatu du Eskoriatzako oposizioak

Mirian Biteri 2012ko martxoaren 2a

Eskoriatzako oposizioa (EAJ, PSE-EE eta Ezker Anitza-IU) ez dago gustura agintaldia hasi zenetik udal funtzionamenduari dagokionez Bilduk duen jarrerarekin. Udalaren funtzionamenduaren kalitate demokratikoan eragina duela, eta udal ordezkarien eskubideak urratzearekin batera, herritarrak informatuta edukitzeko zailtasunak dituztela salatu zuten eguenean kultura etxean egindako agerraldian.

PSE-EE taldeko Jose Luis Canterok "legez" dagokien informazioa jasotzeko oztopoak dituztela salatu zuen. Adibide moduan, aipatu zuen urtarrilaren 24an, bere taldeak hainbat kontratuen gaineko dokumentazioa eskatu zuela, eta erantzunik ez dutela jaso. Horretaz gainera, arbuiatu zuen Eskoriatzako webgunean ez dutela tokirik: "Eskandaluzkoa da Udalaren webgunea Bilduren organo alderdikoian bilakatzea. Udal liberatuen soldaten gaineko polemikan, esaterako, herritarren Bilduren bertsioa topatuko da bakarrik horretan". 

Aitor Urrutia jeltzaleak ere bat egin zuen informazio falta horrekin. Adierazi zuen azken bost urteotan Udalean ez dutela ezer jakin Abiadura Handiko Trenaren gainean, eta ez informaziorik ez dagoelako, batzordeetan hitz egin ez delako baizik. Gaineratu zuen prentsa bidez jakin dutela maiatzeko osoko bilkuran atez atekoari buruz egingo dutela berba.

Mozioen trataera

Osoko bilkuretan mozioek jasotzen duten trataera ere arbuiatu zuten hirurek. Bozkatzen dena bakarrik irakurri ahal dela salatu zuten, eta ez mozio osoa. Gainera, aktak laburtzen direla, eta ordezkarien interbentzio guztiak ez direla jasotzen esan zuten. Horretaz gainera, Canterok alkatearen "jauntxokeria" salatu zuen, galderak eta eskaerak erantzuteari uko egiten diolako; eta baita horrek duen "autoritate falta", azken osoko bilkuran egon zen isiltasun faltagatik. 

Ezker Anitza-IU taldeko Juan Luis Merinok udal liberatuen soldaten gaineko polemikaz egin zuen berba. Horren harira, Bilduk argitaratutako oharraren harira hainbat puntu argitu nahi izan zituen. Aipatu zuen Ezker Anitzak aurkeztutako mozioa “oso sinplea, argia eta zuzena” zela, eta asmoa zela Bilduk bere gain hartzea udal liberatuen soldataren igoera.

Merinoren esanetan, mozioa eztabaidatu beharrean, Ezker Anitza eta Merino bera deskalifikatu zuten: "Beñat Herce alkateak, aurreko gobernu taldeak egiten zuena egin zuen, hain justu ere, mozioa aurkeztu zuen talde politikoa eta zinegotzia deskalifikatu, izena zikindu eta makurraraztea". Azaldu zuen mozioa aurkeztu zuela aurrekontuen botazioan abstenitu egin zelako, eta hortaz, alegaziorik aurkezteko aukerarik ez zuelako.

"Bere zilborrera"

Merinok zalantzan jarri zuen gobernu talde honek oposizioan dauden hainbat talde politiko daudela dakienik, eta "bakarrik bere zilborrera" begiratzea leporatu zion.

Uztaileko osoko bilkuran Ezker Anitzak horren gaineko proposamenik ez zuela aurkeztu esan zuen, eta gainerako udal ordezkariek ere orduak sartzen dituztela debalde. Honako hausnarketa egin zuen: "Parte-hartzea bultzatu nahi dute, eta ez dira gai udal barruan gainerako alderdiekin harreman normalizatua izateko".

Urrutiak ere parte-hartzeaz gura izan zuen berba egin: “Parte-hartze horretan sarritan zinegotziak alde batera uzten gaituzte; parte-hartzearen monopolioa dagoela esango nuke”.

Oposizioko kideek gogorarazi zuten hiru alderdien ordezkaritza batuta, eskoriatzarren %40 inguru batzen dutela, eta udal ordezkari guztiek herritarren interesak defendatzen dituztela. Horren harira, Urrutiak oposizioan dauden taldeen legitimitatea aldarrikatu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak