Ezker Anitzako Juan Luis Merinok azaldu zuen aurtengo aurrekontuak aztertzerakoan konturatu zirela soldata %33 pasatxo igotzen zela. Horren harira, honakoa esan zuen: "Larregi iruditzen zitzaigun; diru-kutxan eragina zuela uste genuen, eta errespetuzko mozio serioa aurkeztu genuen, Udalak bere gain har zezan 17. mailako kopurua, eta gainerakoa Bilduk ordain zezan, bestelako alderdi politikoek egiten duten moduan. Eztabaida piztu da; Udal Gobernuaren aldetik errebisionismoa egon da kontrakoa kaltetuz. Hori da ezker abertzalearen estrategia. Gertatzen zena agerian utzi nahi genuen bakarrik".
Aho batez uztailean
Beñat Herce alkatea ez zetorren bat Merinok esandakoarekin, eta bere argudioak azaldu zituen: "Uztaileko osoko bilkuran onartu genuen kobratzen jarraitzea aurreko lanean kobratzen genuen berdina. Hori errespetatu egin dugu, eta nik berdina kobratzen jarraitzen dut: hain justu, 2.000 euro garbi hilean, 14 pagarekin. Leire Urtzelai %20 dago liberatuta eta 600 euro kobratzen ditu, hilean, 14 pagarekin. Hori kobratzen gabiltza korporazioan sartu ginenetik; aho batez onartu zen proposamen hori".
Alkateak gogorarazi zuen beste proposamen bat aurkeztu zela osoko bilkura berean Ezker Anitzak aurkeztuta; aipatu zuen horrek proposatu zuela alkateak irabaztea Udalean gehien kobratzen duen langilea baino euro bat gehiago. Honakoa esan zuen: "Ezetz esan genion, hori zelako, bi liberatuen soldata batuta, 8.000 euro gehiago irabaztea". Horrekin batera, esan zuen 2008. urtetik udal ordezkariek ez dituztela kilometrajeak eta dietak kobratzen. Horregatik, aipatu zuen ez zuela ulertzen zertara zetorren mozioa.
PSE-EE eta EAJ ere jaitsieraren alde
Aitor Urrutia jeltzaleak ere mozioaren alde bozkatu zuen, eta honakoa esan zuen: "Momentu honetan, eta ikusita, gainera, Udal honetan ere langileei aparteko orduak gura dizkietela kendu, ez zaigu etikoa iruditzen horrelako igoera egotea; larregikoa da eta ados gaude 17. mailan egotea, 25. mailan baino gehiago".
PSE-EE taldeko udal ordezkari Jose Luis Canterok ere bat egin zuen Urrutiak esandakoarekin: "Neurri gabeko igoera da Eskoriatzako egoera ekonomikoa ikusita. Ez dugu zalantzan jartzen soldata hori kobratzeko alkateak duen gaitasuna herria hori kobratzeko kapaza baldin bada. Horren harira, ez dakigu egoera ekonomikoak nondik joko duen, eta hortaz, ez dut uste herria hori ordaintzeko moduan dagoenik".